Kriskitin dantza taldeak Bartolome Ertzilla Musika Eskolako txistulariekin elkarlanean sortutako ‘Bagabiz’ ikuskizuna estreinatuko da zapatuan, arratsaldeko 19:00etan, Plateruena kafe antzokian. Agerraldiak 5 eta 70 urte bitarteko 68 dantzari eta 8 musikari oholtza gainean bilduko ditu.
‘Bagabiz’ ikuskizuna Euskal Herriko zazpi lurraldeetako dantzekin osatuta dago eta guztira 20 dantza desberdin tartekatzen dira.
Agerraldian azalduko diren dantzariek, Kriskitin sortu zenean hasi eta gaurdaino dantzan jarraitzen duten dantzariak zein harrobiko txikienak izango dira. Ikuskizunean “denak batera, bakoitzak bere trebetasuna eta grazia erakutsiz” arituko dira, Kriskitin taldeko kideen esanetan.