Ferixa Nausikoen egun erakargarrienetako bat izango da gaurkoa, herriko gazteentzat behintzat. Goizeko lehen orduetatik, herriko gazteak Aldatzekua jauregiaren inguruak bete dituzte, ohiko koadrilen bazkarirako lekua hartzeko asmoarekin.
Dozenaka mahai eta 1.500 eserleku banatu dituzte Udaleko langileek, bertan bildutako herritarrek bazkaria ahalik eta era erosoenean egiteko eta dastatzeko helburuarekin. Bazkalostean, herriko plazara jaitsi ondoren, koadrilen arteko jolasak hartuko dute protagonismoa.
Zapatuan ofizialki hasitako jaiak, giro ederrarekin hasi dira. Egunez eta iluntzetan jende ugari ibili da kaleetan eta ekitaldiak burutu diren inguruetan. Horren ezaugarri izan dira jaiei hasiera eman zieten pregoi irakurketa eta txupinazoa piztea zein atzo goizeko abere eta nekazaritza azoka.
Gauez, berriz, leku epelak aukeratu ditu jendeak kale hotza uxatzeko asmoz, eta horren adierazgarri izan dira bai zapatuko mariatxiaren ekitaldia zein domekako tango agerraldia; biek ala biek oso jende gutxi erakarri zituzten.
Gorka Knörren kantaldia
Zapatu gabeko danborradak, ordea, ohiko jendetza bildu zuen plazan eta eskainitako agerraldia inoiz baino hunkigarria izan zen: saioaren hasieran, merezitako omenaldia jaso zuten aspaldiko sustatzaileak eta bultzatzaileak zein gaur egungo antolatzaileek.
Bihartik aurrera egun lasaiak biziko dira Elorrion datorren asteburuko azken txanpari ekin aurretik. Hala ere, hainbat ekitaldi iragartzen dira egitarauan biharko. Goizean zein arratsaldean haur parkeak izango dira gune desberdinetan, eta arratsaldean buruhandiak, futbol partiduak eta Deabru Beltzak kale antzerki konpainiak ekoiztutako ‘Denboran salto’ haur animazio saioa egongo dira.
20:00eta berriz, Gorka Knörr abeslariaren saioa egongo da Berrio-Otxoa kalean, Xara tabernak antolatuta.