Bigarren urtez jarraian, “arau zisheterosexuala arrakalatzen” duen Kuir Eztanda kolektiboak Karropoteo Transmaribibolloa antolatu du, oraingoan “eskuin muturraren biolentziaren gorakadak larrituta”. Ekimena, 17:30ean abiatuko da Pinondotik “espazioa okupatzeko, borrokatzeko eta elkarrekin harremantzeko beste modu batzuk” aldarrikatzeko.
Karropoteo Transmaribibolloaren antolatzaileen esanetan “saretzea zein antolatzea inoiz baino beharrezkoagoak dira, izan gure kolektiboaren baitan, izan beste kolektibo batzuekin”. Izan ere, oraindik “hainbat gauza lantzeko eta fintzeko” dituztela gogoratzen dute.
Hala ere, aurreko urtean egindako aldarrikapenak, “zuriketa larrosari eta kapitalismo larrosari kritika” esaterako, eta urtean zehar antolatutako ekintzek, “gure arteko sarea sendotu” egin dutela azpimarratzen dute. Gainera 2022an lortutako lekua eta presentzia “ez ditugu soltatuko”.
Orain arte egindako ibilbidearen meritua “ez da gurea bakarrik”, eta eskerrak eman dizkiete kamisetak erosi dituztenei, baita Txosna Batzordearen, DAFAren eta Durangoko Bilgune Feministaren bultzada eta baliabideak.
Greba feminista
Gaurko ekimenaren antolatzaileek “jai giroaren politizazioarekin bat egiten dugu” adierazteaz gain ‘Festa bai, borroka ere bai’ leloa “premiazko aldarrikapen bat dela” uste dute. “Borrokak eta aldarrikapenak ez direlako soilik zilegi jarrera eta aurpegi serioekin. Feministek behin eta berriz aldarrikatu duten moduan: dantzatu ezin bada, ez da gure iraultza!”, adierazi dute.
Antolatzaileek gogoratzen dute ez dutela “inolako jarrera bortitz ezta erasorik ere onartuko”, eta “edozelako erasoren aurkako protokoloa martxan dela”.
Gaurko karropoteoaz gain, premiazkoa dela uste dute “gure komunitatearen baitan biolentzia koiuntural zein egiturazkoak gehien pairatzen dituztenentzako bizi baliabide materialak aldarrikatzea bizitza duinak bermatu nahi baditugu”. Hori dela eta, “azaroaren 30erako Euskal Herriko mugimendu feministak antolatu den greba feminista orokorrarekin bat egitera” dei egiten dute.
De traca.