
Aurreko hiru edizioetan literatura, musika eta ikus-entzunezko proiektuak oinarri dituzten egitasmoak aukeratu ondoren, ‘Sormen Bekaren Da!’ren laugarren deialdiak kultura digitala izango da oinarri. Gerediaga Elkartea eta Durangoko Udalaren ekimenak 15.000 eurorekin sarituko du aukeratutako proposamena.
2021eko bekak “praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko du” antolatzaileen esanetan. Hala ere, lehiaketara aurkeztutako proposamena “fisikotasunarekin uztartu ahal izango da”.
‘Sormen Beka Da!’ren helburua “euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da”. Hala ere, 18 urtetik gorakoen proposamenak onartuko dira, banaka zein taldeka aurkeztutakoak. Aukeratutako proposamena urte beteko epean gauzatu beharko da, emaitza 2022an egingo den 57. Durangoko Azokan erakutsi beharko baita.
Oinarriak, informazio gehigarria eta beharrezko formularioak www.duragokoazoka.eus estekan eskuratu daitezke eta aurkeztu behar diren eskaera formularioa, sortzailearen curriculuma eta portfolioa edota proiektuaren memoria gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali behar dira irailaren 21a orduko.
Proposamen irabazlea aukeratzerakoan, proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa baloratuko ditu epaimahaiak.