Landako Guneko eta gainontzeko guneetako ateak ireki eta berehala bete dira Durango Azokaren aretoak Euskal Herri osotik gerturatutako ikasleekin. Han-hemenka ibili dira gazteak galderak egiten eta ikastetxeetan agindutako lanak betetzen, tartean erosketaren bat edo beste eginez.
Goizeko zurrunbiloaren ostean arratsaldea nahiko lasai joan da. Bertaratu diren kultura zaleek aukera paregabea izan dute aurtengo nobedadeak zein liburu, disko, ikus-entzunezko eta bestelako produktuek lasaitasunez ikusteko, astertzeko eta erosteko. Ohikoa da lehen eguneko arratsaldea lasaia izatea, eta ez du zerikusirik datozen hiru egunetan bilduko den jendetzarekin.
Ohikoa da ere lehen eguneko arratsaldean Inaugurazio ekitaldia egitea eta aurten, berrikuntza lez, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako aretoan egin da hasiera. Aproposa benetan Gerediaga Elkartekoak egindako aldaketa.
Kepa Errasti aktoreak aurkeztutako saioa xumea baina era berean kutuna gertatu da. Hasierako mintzaldian eskerrak eman dizkie “Azokaren ekosistemari bizia ematen dioten” guztiei Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak. “Azoka sormena DA! Ideiak, pentsamenduak, ametsak, emozioak. […] Azoka zabaldu eta erakusteko leihoa DA!” azpimarratu du.
Ima Garrastatxu Durango alkateak Azoka topagune bezala ulertzen du. Herrian, “egunotan elkar gurutzatzen dira idazle eta musikariak.[…] Plazerra da herri bat idazlez eta musikariz beteta ikustea eta sentitzea” adierazi du, “zein ederra den Euskal Herriko puntu guztietako jendeengan kultura eta Durango batuta ulertzea” azpimarratu aurretik.
Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzekin amaitu dira hitzaldiak. Bere solasaldian Azokaren hasierak gogoratu ditu “15 stand bakarrik” jarri zirela aipatuz, eta ondoren gaur egungo ekimena “Plaza zabala eta handia DA. Irekia eta anitza. Plaza hau gure kulturaren birika bilakatu DA. Sorkuntza hauspotzen duen bizigarria”, aipatu du. Hala ere, “gaur, orain mende erdi bat ez bezala, dena ez dago egiteko; baina asko dugu egiteko”, azpimarratu du.