
Mañariko Udalak ‘Maiatzean Mañaria kulturatik biziz’ aste kulturala antolatu du eta gaur bertan Kurdistango emakumeei buruzko hitzaldiarekin hasiko da. Egitarauan era askotako ekitaldiak tartekatuko dira eta, ohikoa denez, domekan egingo den Azoka eta Azpigorri monografikoarekin amaituko da aurtengo edizioa.
SOS Kobane elkarteko kide batek gaur, arratsaldeko 18.30ean Udaletxeko pleno aretoan emango duen hitzaldiarekin eta bideo emanaldiarekin hasiko da aurtengo kultur astea. Bihar, asteartea 17, arratsaldeko 19.00etan, Ortu urbanoei buruzko hitzaldia emango du Jakoba Rekondo adituak, Liburutegi zaharrean.
Museoaren Eguna gaia hartuta burutuko dira eguazteneko ekitaldiak eta egun horretan Hontza Museora gerturatzen direnek prezio berezian lortuko dituzte sarrerak. Eguenean berriz, umeek izango dute protagonismoa beraientzat antolatutako Herri kirola izango baitira plazan, arratsaldeko 17.30etatik gaueko 21.30era.
Kantu poteoa eta bertso afaria antolatu dituzte barikurako. Arratsaldeko 19.30ean plazan bilduko dira Kantu poteoan parte hartu nahi dutenek eta Herriko tabernan, 21.30ean, izango den bertso afarian Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballez izango dira kantari.
Ateneo Zinegetiko elkarteak antolatutako plater tiroketarekin hasiko dira zapatuko ekitaldiak. San Juan ondoko landetan izango den lehiaketa arratsaldeko 15.45ean hasiko da eta iluntzeko 20.30ak arte iraungo du. Arratsaldeko 19.00etan berriz, herriko Kirikiño Abesbatza, Zornotzako Andra Mari Ikastolako Abesbatza eta Santurtziko Ahots Zuriak Abesbatzaren kontzertua hasiko da Andra Mariko baselizan.
Aurtengo kultur astea domekan, 10.00etatik 14.00etara, herriko plazan egingo diren XXI. Artisau, Elikadura eta Landare Azoka eta XX. Azpigorri Monografikoarekin amaituko da.