
Kurutziaga Ikastolak ‘Ateak zabalik’ jardunaldia antolatu du bihar goizerako. Ekimen honen bidez, ikastola eta bertan eskaintzen den hezkuntza proiektua bertatik bertara ezagutu ahal izango dira.
Jardunaldia “gure hezkuntza proiektua ezagutu nahi duten familiei zuzenduta dago”, arduradunek azpimarratu dutenez. Gainera, ikastolako kideek interesa izan dezakeen norbait ezagutzen badute, ekitaldira gonbidatzera animatzen dituzte.
“Hainbat dira, aurrez egindako bisitaren batetik ikastola ezagutzen duten familiak”, adierazi dute arduradunek. Gainera, jardunaldi honekin “jakingurak ezagutu eta argitu gura ditugu”.
‘Ateak zabalik’ jardunaldian parte hartu nahi duenak, baina biharko hitzordura hurbildu ezin bada, beste edozein egunetan egin dezake bisita. Horretarako, kurutziagaikastola.eus webguneko iragarkian dagoen loturan aurkituko duten galdetegia erantzun, ikastolako 946 200 822 telefonora deitu edo idazkaritza@kurutziagaikastola.eus e-mailera idatzi dezakete.
Ekain pailazoa
Eguna borobiltzeko, Ekain pailazoaren ‘Slapstik’ ikuskizunaren emanaldia antolatu du Kurutziaga ikastolak. Agerraldia 17:30ean hasiko da Plateruena kultur aterpean eta Durangoko familia guztientzat dago zabalik.
Ekain pailazoa Gure Zirkuarekin ibili izan da, ikuskizunari kolore berezia eskainiz. Orain bakarkako ibilbideari ekin dio, malabareak, barreak eta familian beste trikimailu txundigarri asko ikusteko aukera emanez.
Sarrerak bihar bertan erosi ahal izango dira Plateruenan eta saioarekin batera txokolate beroa hartzeko aukera egongo da.