Durangoko Kurutziaga ikastolak, Ausolanekin batera, Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria jaso du Bureau Veritasen eskutik. Aitorpen hori emateko “elikadura osasuntsua, garapen jasangarria, zaintza, aisialdia eta elkarbizitza” uztartzen dituen proiektua baloratu dute.
Kurutziagak jasotako ziurtagiria Estatuan ematen den lehenengoa da eta ikastetxean egindako ahaleginaren emaitza da. Izan ere, “urteak daramatzagu proiektu integral hau lantzen”, Urko Rodriguez Kurutziagako zuzendariaren arabera.
Egunero, 800 menu baino gehiago prestatzen dira ikastetxeko sukaldean eta “elikadura osasuntsuaz haratago, eguerdietako tartean martxan jarritako proiektu integrala saritu dute”, azpimarratu du Rodriguezek. Prestatutako janaria zero kilometrokoa izateaz gain, sasoiko produktuen kontsumoa, inguruko baserritarrekin elkarlana, naturarekin lotutako jolastoki zabala, aisialdia eta elkarbizitza batzen ditu egitasmoak.
Bazkaloste proiektua
Jantoki ereduaren inguruko aldaketa orain hamar urte abiatu zuten, guraso talde baten hausnarketa sakonaren ondoren. “Prozesuaren abiapuntuan, bazkari osasungarriagoa eta inguruko baserritarren produktuak kontsumitzea izan zen helburua”, Rodriguezen esanetan. Gainera, “sortzen den zaborra ere jasangarritasunaren irizpide berberekin kudeatzen da”.
Ikasleen aisia ere kontuan izan dute eta bazkalostea ikasleek elkarrekin gozatzeko une legez ulertzen dutenez “jantokiko zerbitzu kuotaren baitan kokatzen da”. Kurutziagako arduradunek zaintza, elkarbizitza eta aisialdia gehitu zizkioten proiektuari eta horrek jolas lekuaren espazioaren birplanteamendua eragin zuen.