Durangoko Zugaza zinemak ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ filma eskainiko du bihar, iluntzeko 20:00etan, Euskal Zinemaren Egunaren harira. Ikusle gazteak zinera erakartzea eta belaunaldi berriei euskal zinemagintzaren ekoizpen ezagunenak pantaila handian aurkeztea nahi da EZAEk, Euskadiko zine-aretoen elkarteak, antolatutako ekimenarekin.
Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuések zuzendutako ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ 2006an pantailaratu zen, Mikel Losada, Ainere Tolosa eta Iñake Irastorza protagonista zituela, besteak beste. Pelikulak 1994an Joxean Sagastizabalek argitaratutako umore eleberria zein 2003an estreinatutako antzezlana ditu aurrekari.
Euskal zinemaren klasiko honek Juan Martinen esperientzia kontatzen du. Euskara maila hobetzeko asmoz, uda baserrian pasatzea erabakitzen du donostiarrak, eta berehala konturatzen da euskaltegian ikasitakoak ez duela baserritarren euskararen antzik. Horrez gain, Juanek baserriko lanak ezagutzen ez dituenez, egoera barregarri mordoa eskaintzen ditu, baita esperientzia eder asko ere.
Egitasmo honek Euskal zinemagintzaren klasikoak berreskuratzeko xedea duenez, 4,5 euroko prezio murriztua izango du sarrerak.
‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ pelikularen emanaldia hasi aurretik, Asier Altunaren ‘Artalde’ film laburra ikusiko dute bertaratuek.
Egitasmo honen barne eskainitako lehen filma Álex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren ‘Acción Mutante’ izan zen, eta laster iragarriko dira hurrengo saioak.