
Durangoko hainbat enpresatako LABeko delegatuek, bat egin dute euskal preso politiko ohiek abiatutako ‘Kalera kalera’ ekimenarekin eta gaur lau orduko kontzentrazioa egin dute Iurretako Mallabiena Poligonoan.
Elkarretaratzean “Gestamp, Cemosa, Estancal, Odi Bakar, Cemvisa, Cespa, Rothenberger, Auzo Lagun, Bertoko, Geroko, Industrias Amaya Telleria, Inyectametal, TVA, Larzep, Bruss, Ona Electroerosión, Fumbarri… eta beste hainbat enpresatako delegatuak” bildu dira LAB sindikatutik adierazi dutenez.
‘Kalera kalera’ ekimena abenduaren 10ean hasi zen Usurbilen eta urtarrilaren 8ra arte iraungo du. Durangaldeko LABek bat egin du ekimen horrekin, “euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gure ere eginez”.
Gaur egindako kontzentrazioarekin, bide batez, “Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatuko duen eztabaida prozesuari gure babesa adierazi nahi izan diogu”.
Gorka Fraileren aldeko giza-sarea
Prozesu horri bultzada emateaz gain, ‘Kalera kalera’ ekimenak “kartzeletako egoerak txarrera” egin duela eta osasun egoera larrian dauden Gorka Fraile, Ibon Iparragirre, Txus Martín eta Joseba Borde preso bizkaitarrak bizi duten muturreko egoera salatu dute.
Gorka Fraile durangarra eta gaixo dauden gainontzeko presoen aldeko giza-sarea egino dute Traña-Matienan datorren barikuan, abenduak 16, 20.00etan.
Egun berean, baina arratsaldeko 19.00etan, Bilboko Arriaga plazatik abiatuko den manifestazioa egingo da eta hurrengo egunean Ugao eta Galdakaotik abiatuko diren bi giza-zutabe Basauriko kartzelara helduko dira.