ELA sindikatuko kideek Mallabiko Laitek enpresan azken hilabetean izandako bederatzi langileen kaleratzea salatu dute. Kaleratu dituzten guztiak “hautagai-zerrenda nagusikoak, denak ELAren hautagai-zerrendakoak” dira, sindikatu horretako ordezkariak adierazi duenez.
Irailean izandako lehen bi kaleratzeak gauzatzeko “diziplina-arrazoiak” argudiatu zituzten enpresako kudeatzaileek eta hilabete honetan beste zazpi langile kaleratu dituzte, “guztiak hautagai-zerrenda nagusikoak”, ELAtik adierazi dutenez. Izan ere, enpresa horretako “19 langileetatik 11k, ELAren hautagaitza bateratua” osatu zuten.
Enpresa batzordeko kideek “askotariko erreklamazioak egin izan ditugu. Besteak beste, urteko 255,02 € gordineko atzerakinak, tauletatik beherako soldatak, probintzia-hitzarmenarena baino 88 ordu gehiagoko urteko lanaldiak edo osasunaren prebentzio-dokumentazioa erreklamatzea”, grebalari taldekideek adierazi dutenez.
Lehenengo bi kaleratzearen ondoren, “langileek greba mugagaberako deia egin genuen” eta kudeatzaileak ezezkoa eman zien langileen erreklamazio guztiei. Langileek adierazi dutenez “hilabeteak daramatzagu elkarrizketa bila” baina ez da egon “negoziatzeko bilera bat bera ere ez”. Hilaren 11n izandako bileratik aste bete igaro den arren, “ez dugu proposamenik jaso; egindako eskaerei erantzun formalik ez”.
Laitek Mugape enpresaren barruan ‘ad hoc’ sortutako lantegia dela adierazi dute ELAko ordezkariek eta bere zeregina Alcorta Forging Groupentzat injektore bat egitea zen.
Langileak “edonorekin biltzeko” eta beraien azalpenak emateko prest daudela diote, baina, beraien lehentasuna “egoerari konponbidea bilatzea” eta euren lanpostura “lehenbailehen itzultzea” direla diote.