Euskal Herri osoko mintegietako landare-loreak, lorezaintzako lanabesak eta baserriko tresnak ikusteko eta erosteko aukera eskainiko du apirilaren 21ean egingo den Garaiko X. Landara eta Lorazaintza Azokak. Eremua goizeko 10:00etatatik arratsaldeko 15:00ak arte egongo da zabalik.
Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak antolatutako ekimenean 18 postu egongo dira eta horietatik 12 landare zein loreekin lotutako enpresak izango dira. Bertan, lorategiak, lore apaingarriak, kaktusak, landare haragijaleak, fruta landarak, ortuko hasi eta landareak, fruitu txikiko landareak eta beste produktu batzuk ikusi eta erosi ahal izango dira.
Azoka osatzeko beste sei postu kokatuko dira. Antolatzaileek makinak edo eskuko tresnak eskainiko dituen enpresa bat eta egurra eta loreak uztartzen dituen artisau bat gonbidatu dituzte.
Eskualdeko baserritarrak
Gainera, “eskualdeko lau baserritarrek Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskainiko dute. Azokan, gazta, baserriko ogia, gozoak, taloa, sagardoa, txakolina, garagardoa eta kontserbak izango dira”, antolatzaileek azpimarratu dutenez.
Aurtengo urtean ere erosketetarako zaindegi edo kontsigna zerbitzua egongo da. Azokazaleek erosketak zaindegi batean gorde ahalko dituzte azoka giroaz gozatzeko eta, etxera joateko momentuan, hasieran eman zaien tiketa erakutsita bueltatuko diete erosketa. Azokaren eremuan, erosketak zaindegira eramateko laguntzaileak egongo dira.
Zerbitzu hau erabiltzen duten guztien artean, Durangaldeko ekoizleen produktuen otzara bat zozketatu egingo da. Zozketaren irabazleak Durangaldeko ekoizleen ‘Etartie’ dendan jasoko du otzara baserritar baten eskutik.
Azokaren esparruak musika doinuz girotuko dira eta, horrez gain, Garaira hurreratzen den jendearentzako gune aproposa egokitu da egun zoragarria izan dezan. Hala ere, eguraldiak lagunduko ez balu, ekimena Garaiko frontoi estalian egingo da.
Antolatzaileek San Migel Garaiko Nagusien elkartearen, Udaleko lantaldeko beharginen eta herriko boluntarioen laguntza eskertu dute, azokaren aurreko egunetan zein azokaren egun berean ematen duten laguntza eskerga dela eta.