
Durangoko Sorginola gaztetxeko erabiltzaileek Tabirako erakina okupatu zutenaren bigarren urteurrena ospatuko du herritar guztientzat irekita egongo den Fundifest jaialdiarekin. Prestatutako egitaraua ekainaren 27an hasi eta uztailaren 1ean amaituko da eta musika agerraldiak zein bestelako ospakizunez gain, musika gela edo liburutegia eraikitzeko lanak ere tartekatuko dituzte.
Hala ere, “II. edizio honek iazkoak baino egun bat gutxiago” izango duen arren, antolatzaileek aitortzen dutenez “egitarau oparoa eskainiko dugu. Urte osoan zehar eraikitakoaren fruitua eta hemendik aurrera etorriko denaren hazia izatea nahi dugu”.
Fundifesten jaiaren antolaketa asanblada irekietan sortutako proposamenekin zein Tabirako jai batzordearen partaidetzarekin antolatu dituzte egitarauko zenbait ekitaldi .
II. Fundifesten ospakizunak ekainaren 27an hasiko dira, arratsaldeko 19:00etan egingo den pregoi irakurketarekin. Jarraian mural margoketa eta afaria egongo dira eta lehen egunari amaiera emateko gau-bela egingo dute bertaratzen direnek.
Ekainaren 29an “Laboratheghia” egongo da 19:00etan hasita eta hurrengo eguneko ekitaldiak goizeko 11:00etan egingo diren musika gela eta liburutegia eraikitzearekin abiatuko dira. Arratsaldeko 17:00eta Durango pizteko asanblada egingo dute; 18:30ean perkusio eta dantza tailerrak hasiko dira eta gaueko 22:00etan Hexen eta Stricalla taldeen kontzertua hasiko da.
II. Fundifesten azken ekitaldiak uztailaren 1ean ospatuko dira. Goizeko 11:00etan Tabirako marmitako lehiaketa hasiko da eta jaki horrekin egingo den bazkariaren ostean bingo musikatua egongo da. 19:00etan kontzertua egongo da Tabiran (T.P.K.) eta ordu bete geroago kalejia abiatuko da.
21:00etan pintxo jana egingo dute gaztetxean eta 22:00etan The Van, Alerta, Albert Cavaliere eta Dj Zennek eskainitako musika saioak egongo dira.
Fundifest ospakizunak 2015eko ekainaren 27an egindako “eraikin zaharra berreskuratzea” gogoratzen du. Ekimen horretan jardun ziren gazteek “gure proiektuak gauzatzeko espazio bat” eskuratu zuten.