Barikutik aurrera Amorebieta-Etxanoko Euba auzoak jaiak ospatuko ditu. Lau egunetan zehar egitarau zabala antolatu dute adin guztietarako ekintzekin, jolasak, txapelketak eta musika tarteko.
Ume, gazte eta helduentzako Zuresku egurrezko jolas tradizionalekin emango zaie hasiera jaiei bihar, arratsaldeko 16.30etan. Iluntzeko 20.30etan mus txapelketa hasiko da; bikote irabazleak 500 euroko saria eskuratuko du eta jarraian sailkatutako beste hiru bikoteen artean beste 500 euro banatuko dituzte.
Zapatuan mozorro eguna izango da eta umeentzako zein nagusientzako bazkaria prestatu dute. Ondoren Xaibor DJ-a egongo da. Iluntzean labeleko hanburgesa eta oilaskoa jateko aukera egongo da eta 22.30etan Xaibor-ek girotutako erromeria hasiko da.
12.00etako ospakizun erlijiosoarekin hasiko dituzte domekako ekitaldiak. Arratsaldeko 16.30etan Iurretako dantzarien saioa iragarrita dago eta ondoren Zornotzako bertsolari eskolako kideen emanaldia hasiko da. Rezikletas Turukutupa taldearen kale-antzerki agerraldiarekin osotuko dira eguneko ekitaldiak.
Astelehena izango da jaietako azken eguna eta egitaraua eguerdiko 12.00etan hasiko da auzoko hildako guztien aldeko mezarekin. Arratsaldeko seietarako hirukoteen arteko briska txapelketa dago antolatuta. Arratsaldean zehar talo, urdai eta txorizo dastatzea egongo da eta jaiei amaiera emateko txokolatea banatuko da.