
Berrizko Udalak lau lehiaketa antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Horietatik bi berriak dira, eskola agendaren azalak diseinatzekoa eta mural lehiaketa. Gainera, XI. Kaleko Pintura lehiaketarako eta Jaietako Kartela egiteko deialdiak ere luzatu ditu.
Lehen Mural Lehiaketa Berrizburu futbol zelaiaren aurrean dagoen frontoiko horman irudi bat egiteko asmoz antolatu da. Gaia librea izango da, baina lanak kanpoaldean joango direnez, parte hartzaileek bi gauza bat hartu beharko dituzte kontutan: proiektuaren iraunkortasuna eta egonkortasuna. Maiatzaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek beraien lanak udaletxean edo kultura etxean. Aukeratua izan denak 3.000 euro jasoko ditu eta lau hilabeteko epea izango du murala margotzeko.
Datorren ikasturterako eskola agenda kaleratzeko asmoa dauka Berrizko udalak eta horretarako agendaren azalak diseinatzeko lehiaketa jarri du abian. Herriko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 12 eta 16 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Gaia librea izango da eta banak zein taldeka hartu ahal izango da parte. Maiatzaren 14a da lanak aurkezteko azken eguna.
San Pedro eta Santa Isabel jaietako kartela ere lehiaketa bidez aukeratuko da. ???San Pedro eta Santa Isabel Jaiak 2010??? leloa idatzita agertu beharko du derrigorrez eta 60X40 zentimetroko neurria izan beharko du. Sari nagusi bakarra egongo da, 300 eurotakoa , eta lehenengo berriztarrak 100 euroko saria irabaziko du.
Azkenik, apirilaren 24ean XI. Kaleko Pintura Lehiaketa ospatuko da. 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal izango du. Hiru sari nagusi emango dira 550, 450 eta 350 eurotakoak. 250 eurotako sari berezia izango da lehenengo sailkatzen den berriztarrarentzat. Lehiaketara aurkezten diren lanekin apirilaren 24tik maiatzaren 16ra erakusketa egingo da.