
Lauaxeta Ikastolako ikasleak bakarkako bigarren postu bat eta taldekako hirugarren postu bat lortu zuten, Zaragozan larunbatean izan zen IV. Matematika Liga Europarraren (Mathleague) finalean. Azken txanpa horretarako Lauaxetako 12 gazte sailkatu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko bakarrak hain zuzen.
Matematika Liga Europarreko finalerako txartela lortzeko hiru hilabeteko txapelketa burutu dute partaideek ‘online’ formatuan. Lehen fase horretan Estatu espainiarreko 920 ikastetxe eta 12.200 ikasle lehiatu dira eta hauen artean Lauaxetako 12ek ikasle bikainen artean sailkatzea lortu zuten.
IV. Matematika Liga Europarra (Mathleague) deritzonak, matematika arloan gaitasun bereziak dituzten gazteak nabarmentzen ditu. Irabazleak gainera, Fundación Talentoko goi mailako gaitasunen programaren parte izateko aukera izango dute.
Zaragozako San Jorge Unibertsitatean izandako finalean Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa kategorietako hamar talde onenak lehiatu ziren. Lauaxetako 12 ordezkariek DBH 1 eta 4. maila bitartekoak izan dira eta beraien jaioterriak Basauri, Ugao, Amorebieta, Zaldibar, Bedia eta Ermua dira.
“Parte hartzaileak, matematikako ikasle onak izateaz gain, esfortzuan eta lorpenerako adorean txapeldunak dira, baita hizkuntzetan ere, frogak ingelesez izan baitira”, Fundación Talentoko zuzendaria den Osvaldo Carrilloren esanetan.
Ekitaldia telebista bidezko formatuan garatu zen eta saioko aurkezleak 2014ko irabazleak eta Fundación Talento Matemático y Científicoko bekadun ikasleak izan ziren. Pantaila erraldoi batek zuzenean eman zen ekitaldia eta streaming bidez ere eman zen.
Lehiaketa honen antolatzaileak Fundación Talento Matemático y Científico, Wolfram Research, Universidad de San Jorge eta Cooperación Internacional ONGa dira eta zientzietarako gaitasun bereziak dituzten ikasleak bilatu eta matematikarenganako interesa sustatzea du helburu.





