
Abadiñoko Barrizten Kultur Elkarteak ‘Abenduko ipuinak’ lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta parte hartzaileek bi kategoriatan banatuko dira; bata 3. eta 4. mailakoena eta bestea 5. eta 6.ekoena.
“Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoa” duen ipuin lehiaketara aurkeztutako lanak euskaraz idatzitako testu originalak izan behar dira eta argitaragabeak. Antolatzaileek ez dituzte onartuko beste hizkuntza batean idatzi eta euskaratutako lanak.
Lanak makinaz zein eskuz idatzitakoak izan daitezke eta lehenengo kasuan gutxienez orrialde bat eta biren tarteko luzera izan beharko dute.
Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 8tik 12ra arte izango da eta idazlanak Traña-Matienako Errota Kultur Etxean edo Zelaietako Mediatekan jarritako postontzietara eraman behar dira. Lehiaketaren epaimahaia Abadiñoko Udaleko Kultur teknikariak, Euskara teknikariak eta Itsaso Larruri idazle abadiñarrak osatuko dute eta beraiek erabakiko dituzte sarituak nortzuk diren.
Kategoria bakoitzean hiru sari emango dira eta hirurak Abadiñoko edozein liburudendatan liburuak erosteko bonoak izango dira. Lehen saria 60 eurokoa izango da, bigarrena 40 eurokoa eta hirugarrena 20 eurokoa.