Banner en desktop Banner en moviles
Dendariak
Durangoko Udala
Abadiñoko Udala
Amorebieta-Etxanoko Azoka

Lehengo eta gaur egungo soinuek alaituko dituzte gabonak Zornotzan

Zornotzako Musika Banda.

Amorebieta-Etxanoko gabonek soinu berezia izango dute aurten. Zornotzako Musika Banda eta herriko abesbatzak (Abeskimu, Brioletak, Xuxurlariak eta Coral Zornoza) oholtza gainean arituko dira elkarrekin ‘Gabon Oroitzapenak’ kontzertua eskaintzeko.

Emanaldi berezia izango da; izan ere, musika bandak ‘Oroitzapenak’ lelopean abiatu du 2024-2025 denboraldia, eta ildo horretatik jarraituz, musika ondarearen oroitzapenak “aspaldikoak eta etorkizunean izango ditugunak” izango dituzte gogoan. Beraz, denboraldiko bigarren kon­tzertuan gabonak ospatzeak historian zehar ekarri duen musika ondare emankorrari egingo diote omenaldia.

Gabon-kanta tradizionalak ez ezik, azkenaldikoak ere bilduko dituzte, alegia, berriak eta komertzialak izan direnak. Kontzertua bihar izango da, arratsaldeko zor­tzietan Zornotza Aretoan, eta Aita Eliseo zenaren omenez egingo da. “Guk kontzertu bat eskaini nahi genuen eta abesbatzak Aita Eliseo omentzeko urtero biltzen direnez, pen­tsatu genuen interesgarria izango litzatekeela omenaldia bateratzea, eta Aita Eliseok utzitako ondarea ere omentzea”, adierazi du Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendariak. Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak egitarau zabala prestatu du zornotzarrek gabon zorion­tsuak izan ditzaten.

‘Gabon Oroitzapenak’ kon­tzertuko errepetorioari arreta berezia eskaini zaio. “Gabonetako doinuak bildu gura izan ditugu, eta ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, gainera. Nazioarteko kantak eta leku eta plataforma ezberdinetan agertu izan direnak, pelikuletan eta telesailetan, esaterako, joko ditugu”, azaldu du Labradorek. Halaber, klasiko pare bat ere txertatuko dute, horietako bat Feliciano Beobide gipuzkoar musikagileak sortutako ‘Olentzero’ zortzikoa. “Ez da Olentzero izenagaz gaur egun ezagu­tzen duguna, eta gure musika ondarea da”, zehaztu du zuzendariak.

Horren ostean, musika bandari zornotzako abesbatzak batuko zaizkio. Lehengoa umeek osatutako Brioletak izango da. Txikien ahotsetik ‘Con mi burrito sabanero’ entzuteko aukera egongo da. Zuzendariaren esanetan, “Hego Amerikako gabon ondarearen piezarik garrantzitsuenetakoa” da. Gainontzeko abesbatzekin batera (Abeskimu, Xuxurlariak eta Coral Zornoza) gabon-kanta klasikoei ekingo diote: ‘Hator hator’, ‘Mesias sarritan’, ‘Birjina Maite’, besteak beste.

Horrez gain, bertsionatutako bi kanta eskainiko dituzte: batetik, ‘Gabonetako afari on bat’, ahotsa eta pianorako dena eta orkestrarako moldatu dutena, eta bestetik, ‘Elurra mara mara’. Jatorrizko errusiar melodia popular bat da, Gotzon Aulestiak armonizazioa eta euskaratu egin zuen, eta banda eta abesbatzarako moldatu dute. Azkenik, Soinu txikie akademiako trikitilariak, kontzertua hasi aurretik aretoko sarreran jotzen arituko direnak, oholtzara igoko dira, eta guztiek batera amaiera borobila emango diote ikuskizunari.

Izotz pista

Musikarekin jarraituz, beste ekitaldi batzuk egongo dira egunotan. Bihar, Zubiaur Musika Eskolako ikasleek Gabonetako Kontzertua eskainiko dute, eta igandean, herriko koralak urteroko topaketa egingo dute Kalbarion herritik zehar abesteko.

Gainerako egunetarako ere egitarau zabala izango du Zornotzak. Adibidez, ‘Gabonetan Jai’ umeentzako parkea Amorebieta IV frontoira ailegatuko da, herriko txikien gozamenerako. 0 eta 12 urte bitartekoentzako gunea 26tik 30era egongo da zabalik. Era berean, izotz pistan patina­tzeko aukera izango dute, eta Gudari kaletik eta herritik ibiliko den txu txu trenean igo ahal izango dira. Gainera, tailer bereziak izango dituzte ludotekan. Gazteek ere gozatuko dute Gauero programari esker eta gaztetxokoa ere zabalik egongo da gabonetan. Horrez gain, zinema kanpusa izango dute filmez nahi beste ikasteko.

Egunotako unerik hunkarrienak 24an eta urtarrilaren 5ean izango dira, Olentzero eta Mari Domingiren harrera eta Erregeen Kabalgata, hain zuzen ere. Udabarri Dantza Taldearen eskutik etorriko dira lehengoak eta Zubiaur Musika Eskolako hip hip ikasleek eta Triki Piu taldeak egingo diote harrera Ekialdeko Magoei. Ekitaldi biak arratsaldeko seietan burutuko dira.

Antzerkiak ere bere lekua izango du gabonetako egitarauan. Zornotza Aretoan Laressintens antzerki taldearen ‘Kontukantari 3: Zimurren artean kontukantari’, Markeliñeren ‘Zepo Zapo’ eta Hikaren ‘Atearen bestaldean’ abenduaren 26an eta urtarrilarren 3 eta 4an izango dira, hurrenez hurren.

Tarte zabala eskaini zaio kirolari ere. Ibilgailu klasikoen rally benefikoa 10. ediziora helduko da aurten eta Zubiondo Plazan izango dira partehartzaileak larunbatean. Gainera, urtero legez, Belatxikietara igoko dira zornotzarrak 24an eta 31n, eta Indoor Cupa jokatuko da Larrea kiroldegian. Leku berean, lurralde arteko igeriketa lehiaketa eta igeriketa artistikoaren erakustaldia egongo da. Gainera, urtea ezin hobeto bukatzeko San Silvestre lasterketa egingo da. Azkenik, eskupilotaz gozatzeko urtarrilaren 3 eta 4an Pilota Pro Fest eta 12 orduko maratoia antolatuko dira frontoian.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados