
2022ko Hitzez eta Ahotsez ekimenaren ardatza ‘Ametsak’ izango dira eta aurtengo egitarauan Durangorekin lotura estua duten Leire Bilbao eta Joseba Sarrionandia idazleak eta Imanol Larrinaga ilustratzailea izango dira protagonista nagusiak. Literaturari eskainitako ekimena maiatzaren 13an abiatuko da.
Edizio honetako ekitaldiak Leire Bilbaok eskainiko duen poesia emanaldiarekin abiatuko dira. Saioa, Bizenta Mogel bibliotekan izango da 13an, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Aurtengo egitarauari Joseba Sarrionandiak emango dio jarraipena, maiatzaren 28an. Durangoko Arte eta Historia Museoan eskainiko duen berbaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Aurreko edizioetan egin den bezala, aurtengoan ere Irakurraldi girotuarekin osatuko da literaturari eskainitako hitzordua. Durangoko eta inguruetako literatura zaleek protagonismoa hartuko duen ekimena, Benita Uribarrena parkean egingo da, baina euria bada San Agustin Kultur Gunera eramango dute. Ekainaren 10ean egingo den saioa, 17:00etan hasi eta 21:00etan amaituko da.
‘Ametsak’
Egitasmoaren talde antolatzaileak ‘Ametsak’ gaia aukeratu du edizio honetarako “gaia erakargarria delako lantaldekoontzat eta proposatutakoen artean adostasun gehien lortu zuelako. Izan ere, Hitzez eta Ahotsez proiektua ametsetatik sortu zen eta lotura zuzena du gure jarduerarekin”, Marisa Barrenaren esanetan.
Edizio honetan, proiektuaren hasieratik bidelagun diren Sarrionandiaren eta Larrinagaren partaidetza nabarmentzen dute antolatzaileek. Idazlea hasieratik aritu da lantaldearekin elkarlanean, eta ilustratzaileak edizio guztietako kartela diseinatu du, aurtengoa barne, eta antolatzaileek bere prestutasuna azpimarratzea nahi dute.
Gainera, sortzaile bien arteko lotura aspalditik dator. Izan ere, Larrinagak egin zuen lehen ilustratzaile lana, 1981 urtean, Sarrionandiaren ‘Narrazioak’ liburuaren azala izan zen. “Sasoi hartan, Ibaizabal aldizkariko kideak ginen biok, Jose Mari Uriarte, Jose Julian Bakedano eta beste hainbat kiderekin batera”, ilustratzaileak 2016an DURANGON.COMen argitaratutako erreportaje baten aitortu zuenez.
Egitasmoari beste bultzada bat emateko asmoarekin, aurten, kartelaz gain, bideo bat ere ekoiztu dute antolatzaileek. Lan horren egilea Xabi Zabala izan da, Endika Blancok egindako gidoi baten oinarrituta.
Gaurko ametsak biharko errelitate direlako segi dezagun mintsatzen eta maitatzen. Euskara bai da gure territorio libre bakarra.
"minTZatzen" (Hobeto zaindu gure territorio libre bakarra mesedez)
Eskerrik asko zuzenketagatik, kontuten eukikot