
Gerediaga elkartea eta Durangoko Liburu eta Disko Azokaren sortzaileetako bat den Leopoldo Zugaza kultur-eragile durangarrak jasoko du igandean, hilak 31, 2015eko Sabino Arana Fundazioaren sarietako bat. Bilboko Arriaga Antzokian eguerdiko 12.00etan hasiko den ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria izango da eta saioa streaming bidez emango da www.sabinoarana.org web orrian.
Zugazari emandako sariarekin “euskal kulturari egindako berebiziko ekarpena” eskertu nahi dio fundazio jeltzaleak. Gerediaga eta Durangoko Azoka sortzeaz gain, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa, Olerti Etxea edo Manuel de Larramendi Institutu Bibliográphico delakoak dira, besteak beste, Zugazak landutako ekimenak.
Sabino Arana Fundazioko ordezkariek Gerediagari adierazi diotenez “Leopoldo Zugazaren kultur ekimenak berezko duen kultur ekintzailetzari lotutako emaitzak dira”.
Zugazarekin batera John Garamendi AEBetako Kongresuko kide eusko-kaliforniarra, CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea, Velatia industria eta teknologia-taldea; Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarra eta Alex Salmond politikari eta Eskoziako lehen ministro ohia ere sarituak izango dira.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, jardungo du buru sarien banaketa-ekitaldian eta berarekin batera politika, kultura eta gizarte arloetako zenbait partaide izango da kultura-ekitaldiaren XXVII. edizioan.
Doako sarrera izango duen ekitaldia Olaia Urtiaga Etxebarria kazetariak bideratuko du eta sari-banaketa Lauso bikoteak musikaz girotuko du.