Liher Aiartzaguena Brabo aukeratu du alkategai Iurretako EH Bilduk, maiatzaren 26an izango diren Udal hauteskundeetarako. Urtarrilean egindako barne prozesu parte hartzailean hautagai bakarra izan zen Aiartzaguena. Horretaz gain, martxoan egingo du EH Bilduk hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak izendatzeko prozesua.
Sistema Informatikako Ingeniari Teknikoa da 33 urteko Iurretarra. Urteak daramatza ikastetxe desberdinetan informatika klaseak ematen eta azken bi legegintzalditan, EH Bilduko zinegotzia izan da Iurretako Udaletxean. Herri mugimenduko kide aktiboa ere bada Aiartzaguena, izan ere, besteak beste, Kimuak Aisialdi Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta gaur egun Zaldai mendi taldean eta jai batzordean parte hartzen du.
Aiartzaguenaren aukeraketa urtarrilaren 14tik 27ra bitartean egindako barneko prozesu parte hartzailearen ondoren burutu zen. EH Bilduko ordezkaritza batek balizko hautagai guztiekin hitz egin eta gero, Liher Airtzaguena izan da erronkari heltzeko prest agertu den bakarra.
Iurretako Udalerako zerrenda osatzeko gainerako EH Bilduren hautagaiak martxoan aukeratuko dituzte. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea, https://elkarrekin.ehbildu.eus web orrian.