
Berrizko Udalak eta Memoriaren eta Giza Eskubideen Taldeak frankismoaren biktima guztiak oroitzeko programazio berezia antolatu dute biharko, hilak 11. Ohiko lore-eskaintzaz gain, antzerki emanaldia eta Zinema, Memoria eta Giza Eskubideen zikloaren hasierarekin abiatuko da prestatu duten egitaraua.
Felipe Urtiaga eta Jose Agirre berriztarrak kolpisten aginduz fusilatu zituztenetik 86 urte betetzen direla gogoratuko badute ere, antolatzaileek “frankismoaren biktima guztien omenezko jardunaldia” prestatu dute.
Oroitzapenezko ekitaldiak 18:00etan hasiko dira Felipe Urtiaga plazan egingo den lore-eskaintzarekin, Udal ordezkarien parte-hartzearekin eta dantzarien ekitaldiarekin.
Eguneko programazioak Kultur Etxean jarraituko du, Txintxaun Antzerki taldeak oroimen egun horretarako bereziki sortutako ‘Beste munduen elkar ikusi arte’ ikuskizunaren antzezpenarekin. Ivan Mestraituak eta Antoni Ruiz Larringanek eszenaratuko dute Aitor Arestik zuzendutako obra laburra.
Ziklo berriaren hasiera
Ikuskizunaren ondoren, Zinema, Memoria eta Giza Eskubideen lehen zikloari hasiera emango diote. Emanaldiak ‘Metalez eta ekinez hazia – A golpe de metal y sudor’ dokumentalarekin hasiko dira. Labayru Fundazioak Berrizko Udalarekin elkarlanean egindako dokumentalak 30 minutuko iraupena du, eta industrializazioak udalerrian eragin zituen aldaketa sakonak azaltzen ditu. Jardunaldiari amaiera emateko, luntxa egongo da bertaratzen direnentzat.
Zinema, Memoria eta Giza Eskubideen zikloak jarraipena izango du etzi eta eguaztenean, hilak 12 eta 13, ‘Karpeta urdinak’ (2022) eta ‘The Lost Souls Of Syria’ (2022) dokumentalekin. Emanaldiak 18:30ean hasiko dira.
‘Karpeta urdinak’ Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2014 artean Bake eta Bizikidetza Planaren barruan tortura eta tratu txarrei buruz egindako ikerketa proiektua jorratzen du. Emanaldiaren ondoren, Ander Iriarte zuzendariarekin solasaldia egongo da.
‘The Lost Souls Of Syria’ Stéphane Maiterre eta Garance Le Caisne zuzendarien filma da, eta hil arte torturatutako atxilotu zibilen 27.000 argazki hartzen ditu abiapuntutzat. Emanaldia amaitutakoan solasaldia egongo da Amnistia Internazional ekimeneko kide batekin.
“Lehen aldia da Zinema, Memoria eta Giza Eskubideei buruzko ziklo hau antolatzen dela Berrizen, eta datozen urteetan errepikatzea gustatuko litzaiguke”, azaldu dute Berrizko Memoria eta Giza Eskubideen Taldetik.