
Musika ekitaldiak, karta txapelketak zein gastronomiarekin lotutako ekimenak izango dira aurten ere Durangoko Alde Zaharrean gaurtik domekara bitartean ospatuko diren Kalebarriako Jaietan.
Aurtengo ospakizunak gaur bertan hasiko dira, arratsaldeko 19:30etan hasita egingo den pintxo potearekin eta jarraian egongo den erromeriarekin. Biharko egitarauan ere musika nabarmenduko da, eguneko ekitaldi bakarra Luhartz taldeak iluntzeko 20:00etatik aurrea girotuko duen erromeria izango baita.
Eguerdiko 13:00etatik aurrera egongo den tortilla txapelketarekin abiatuko dira etziko ospakizunak. Arratsaldean tute, igel eta futbolin txapelketak jokatuko dira eta ostean triki-poteoa egongo da. Iluntzeko 20:30tik aurrera kantu eta dantza egiteko aukera eskainiko du Eingo taldeak.
Goizeko 9:00etan emango den mezarekin eta jarraian egingo diren lore eskaintza, aurreskua eta txupin jaurtiketarekin abiatuko da domekako egitaraua. 14:30ean herri bazkaria egingo da eta 19:30etatik aurrera sardina jana eta txalaparta ekitaldiaren txanda izango dira. Iluntzeko 20:30etatik aurrera Arantxa eta Pantxok eskainiko duten musika ekitaldiarekin osatuko da aurtengo egitaraua.