
Durangoko Kalebarriako jaiak gaur iluntzean Luhartz taldeak eskainiko duen erromeriarekin hasiko badira ere ekitaldi gehienak zapatuan eta domekan burutuko dira. Gaueko musika saioez gain, tute, igel, futbolin edo tortilla txapelketak tartekatuko dira aurtengo egitarauan.
Gaur, iluntzeko 20:00etatik aurrera, Luhartz taldeak eskainiko duen erromeriak emango die hasiera aurtengo ospakizunei.
Kalebarriako jaiak etzi izango dute jarraipena goizeko 9:00etan emango den mezarekin. Jarraian, lore eskaintza egingo da eta aurreskua dantzatu ondoren txupinazoa piztuko dute.
Arratsaldeko 16:00etatik aurrera tute, igel eta futbolin txapelketak jokatuko dira eta amaieran trikipoteoa hasiko da.
Eguneko egitaraua borobiltzeko, 19:30ean hasiko den sardina dastatze herrikoia, txalaparta ekitaldia eta 21:30etatik aurrera Ansorregi eta Larrañagak girotutako erromeria egongo da.
Aurtengo jaiak etzidamu amaituko dira, 13:30ean egongo den tortilla txapelketarekin eta arratsaldeko 18:30etik aurrera Arantza eta Pantxok eskainiko duten musika ekitaldiarekin.