Elorrioko herritarrek Lurralde Antolamenduaren Gidalerroei (LAG) buruz informatu eta eztabaidatzeko aukera izango dute gaur eta bihar. LAG-ek Euskal Herriko Lurralde Antolakuntza arautzeko ardura daukate eta Elorriko Udalak antolatutako ekimenaren helburua eredu berri horren inguruan “hausnartu eta etorkizunerako gidalerroak zehaztea izango da”, Udaletik adierazi dutenez.
Iturri Kultur Etxeko areto nagusian burutuko diren saioak gaur eta bihar izango dira 19:00etatik aurrera. Lehenengo eguneko solasaldia, Dani Maeztu parlamentari ohi eta Ingurumen arloan abokatu espezializatuak LAG-en inguruan emango dituen azalpenarekin hasiko da. Ordu erdi geroago LAG-ei buruzko berrikuste bidea azalduko dute Ana Izquierdo Inguru Kontsultategiko ordezkariak eta Paisaje Transversal-eko Jon Aguirrek.
Hitzaldiak eta solasaldiak
Arratsaldeko 20:00etan Izaskun Iriartek, Administrazio eta Lurralde Plangintzaren Sailburuorde-ohiak LAGen berrikuspenaren aurrerapenaren ardatz nagusiak azalduko ditu. Lehen eguneko jarduna eztabaidarekin eta ondorioetarako tartearekin amaituko.
Eguazteneko saioa Hodei Zenikaonandiak, Udal arkitekto aholkularia eta ‘DOT desazkundea’ eragile sozialeko kideak, eskainiko duen ‘Oinak Lurrean, Alternatibarako Oinarriak’ hitzaldiarekin hasiko da. Jarraian, Bilboko Hiri Plangintzaz mintzatuko da Hirigintzako aholkularia eta Betsaide elkarteko kidea den Karmelo Anakabe. Eguneko hirugarren berbaldia Fernando Hevia, arkitekto eta Betsaide elkarteko kideak emango du, LAG-eko egoitzako kuantifikazioa azalduz. 20:30ak aldera eztabaidarako eta ondorioetarako tartea irekiko da.
Eusko Jaurlaritzak 1997an onartu zituen LAG-ak eta aurten berrikuspenaren aurrerapena aurkeztu du, gidalerro horiek Euskal Herriko Lurralde Antolakuntza arautzeaz arduratzen direla.
Lurralde-eredu berrirako irizpideak
Jardunaldien helburuetako bat “lurralde-eredu berri bat zehazteko irizpideen ideia orokor bat aurkeztea izango da” Xabier Dominguez alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen saileko arduradunaren esanetan, gidalerro hauen eragina nabaria delako norbanakoen bizitzetan.
LAG-ak, azken finean “Naturaren iraupena eta ingurumena, bideak eta trenbideak, hiri-hazkuntza, ekonomia jarduerak, baserri-basoaren ustiapena, ekipamenduak, zeharkako gaiak (osasuna, euskara, berdintasuna…) eskualdekatzea (eremu funtziodunak), hondakinen birziklapena, eta abarretaz mintzo dira”, Dominguezen esanetan.