M. Benito Piriz (Durango, 1992) artistak ‘Pikete tuning’ erakusketa jarri du ikusgai Bilboko Rekalde Aretoan, eta bilduma horretako lanak 2023ko urtarrilaren 15era arte egongo dira ikusgai. Erakusketa honek jarraipena ematen dio Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ‘Barriek’ programari.
Bilduma hau gauzatzeko “estetika urbanoko elementuak, hala nola oversize jantziak, sneakers zapatak, lumazko anorakak, tatuaje tribalak eta gorputzeko aldaketak” oinarritzat hartu ditu bere “irudi fetitxeak garatzeko”, artista durangarrak azaldu duenez. ‘Pikete tuning’en bildutako lanak, “elementu eraldagarri, pieza konbinagarri eta juntagarri gisa uler daitezkeen eskulturak dira”.
Erakusketako lanak, “sorbaldaren beheko zatian egindako tatuaje tribal baten gaineko azterlana dela ulertu daiteke, zeina gorputzera eta jarreretara egokitzen baita; hori guztia, osagarriari eta gorputzari egokitzeko haren moduari buruzko nire aurreko proiektuari lotuta”, M. Benitoren arabera.
‘Piketea izatea’ “estiloa izatea eta nire gustukoa izatea da”, artistaren arabera. “Pikete hitzak outfit-ari egiten dio erreferentzia, look-ari, itxura estetikoari eta tuning-ari, zerbait nire gustukoa izan dadin itxuraldatzeari, alegia. Zehazki, ‘gerrillako tuning’ delakoari lotuta dago; hau da, eraikuntzako aparrarekin eta kartoiarekin egindako ibilgailuak fintzeari”.
Barriek izeneko erakusketa-zikloan, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten artistaren obrak aurkezten dira. Izan ere, M. Benitok Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza-beka (2018) eta BilbaoArteren urtebeteko egoitza-beka (2017) jaso ditu.