Durangaldeko Hemendik Harantz elkarteak Elkartasun jaialdia ospatuko du zapatuan Elorrioko Gaztetxean, egitarauan tartekatutako ekitaldien artean musika kontzertuak nabarmenduko direla. Mahai ingurua, umeentzako sormen txokoa eta Selektah 9MMk egunean zehar jarritako musika ere egongo dira.
Gaur egungo Europa neofaxistari aurre egin eta errefuxiatuei laguntza emateko helburuarekin sortutako elkarteak prestatu duen jaialdia, 11:00etatik aurrera egingo den mahai-inguruarekin hasiko da. Solasaldian SMH (Salvamento Marítimo Humanitario), Atxondo Harrera Herria, No Name Kitchen, Artea Proiektua eta Hemendik Harantz elkarteetako ordezkariak mintzatuko dira, moderatzaile lanak Libe Mimenza kazetariak egingo dituela.
Ordu berean, baina Iturri Kultur Etxean, 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako ‘Ongi etorri’ sormen txokoa abiatuko da.
Arratsaldeko 18:00etan oroimen murala margoztuko dute eta ordu bete geroago Sara Zozaya, Abereh eta Zea Mayseko Aiora eta Pitiren ekitaldiak egongo dira. 20:30ean elkartasun afari merienda egingo dute.
Gaueko 22:00etatik aurrera Sermonds eta Radio Revolución taldeek eskainiko dituzten agerraldiekin osatuko da eguneko egitaraua.
Gainera, Elkartasun jaialdiaren harira egindako ‘Gaur zu, bihar ni?’ deituriko erakusketa jarriko da ikusgai Iturri Kultur Etxean, ekainaren 17tik 30era bitartean.