Maiztegi Herri Eskolako eta Juan de Orobiogoitiako ikasleek Iurretako Udalak sustatutako Eskola Agenda 2030 ekimenean parte hartu dute. Aurten, ikasleek ibaia garbitu dute, eta ekintza ekosozial hori aztertu ondoren, hiru konpromiso hartu dituzte eta bost proposamen aurkeztu dizkiote Udalari.
Udal Foroaren helburu nagusia egindako ekintza eraldatzailearen ondorioak Udal ordezkariei jakinaraztea da. Horrez gain, eskola-foroaren dinamikaren ondoren pentsatutako konpromisoak eta proposamenak zehazte dituzte.
Hartutako hiru konpromisoak honako hauek dira: sentsibilizazio-kanpaina egitea; ingurumenaren aldeko ekintzetan parte hartzea; eta zaborra ibaira bota behar ez dela ohartarazteko kartelak egitea.
Bestalde, hauek dira Udalari egindako proposamenak: garbiketa-kanpainak antolatzea Iurretako biztanleentzat; ibai-eremuko paperontzi kopurua handitzea, baita Iurreta eta Amorebieta-Etxano lotzen dituen bizikleta-pista ere, eta berdeguneen kontserbazioa. Azken bi proposamenak haurrentzako kontzientziazio-kanpainak antolatzea (jolasen bidez…), eta kontrolak areagotzea fabrikek gutxiago kutsa dezaten.
Garbiagoa eta jasangarriagoa
Udalak ekimen hau baloratu eta babesten du, garapen iraunkorraren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua delako. “Iurreta herri garbiagoa eta jasangarriagoa izan dadin ikasleen proposamenak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu”, adierazi du Oskar Koka alkateak.
Eskola Agenda 2030 eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako hezkuntza-programa da. Proiektuak hiru helburu ditu: ikastetxeak ingurumen- eta gizarte-jardunbide egokien eredu bihurtzea; ikasleak heztea, ingurumen- eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta konpontzeko gai izan daitezen; eta, azkenik, hezkuntza parte-hartzailea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzea.