Eguneko aisialdi aukera gisa Aste Santuan, Oiz mendiko arkeologia-aberastasuna ezagutzeko Oiz ibilbide Megalitikoa ezagutzera gonbidatzen ditu Mallabiko Udalak herritarrak zein bisitariak.
Ibilbide kultural honek oraindik askorentzat ezezaguna den Bizkaiko megalitiko multzorik garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukera ematen du. Oiz mendiko hegoaldeko maldan, Mallabiko udalerrian eta Berrizekin muga egiten duen eremuan, trikuharri, tumulu eta harrespilez osatutako megalitiko estazio bat dago, Kristo aurreko IV. eta I. milurtekoen artean eraikitakoa. Probazelaiburuko trikuharriak, Ipiñarrietako tumulua eta Iturzuriganako harrespila bezalako monumentuak heriotza-errituko praktika zaharren lekuko izan ziren, eta, aldi berean, gizaki prehistorikoen ingurunearekin zuten harremana islatzen dute.
2021 eta 2024 urte bitartean, AGIRI Arkeologia Elkartearen zuzendaritzapean garatutako proiektuak multzo arkeologiko honen ikusgarritasuna eta ezagutza hobetzeko aukera eskaintzen du gaur egun. Indusketa eta ikerketa zientifikoak egin dira, monumentu dokumentatuen kopurua handituz, eta ibilbide irisgarri eta ondo seinalizatua ezarri da.
Undakortan hasi eta Iturrizurinen amaitzen den ibilbideak 6,5 km-ko luzera du, 250 metroko malda eta bi ordu inguruko iraupena. Ibilbidea lineala da, zailtasun txikikoa eta paisaiaz eta ondareaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Lan honi esker, gaur egun interes historiko, natural eta hezigarria duen ondarea du Mallabik, udalerriaren iragan urrunera hurbiltzeko aukera ematen duena, eta, aldi berean, aire librean esperientzia irisgarri batez gozatzeko aukera ere eskaintzen duena.
Arkeologia hizpide duen hitzaldia
Eta hain zuzen ibilbide honek eskaintzen duen arkeologia ondare horri lotuta, Mallabiko Udalak hitzaldi berezi bat antolatu du maiatzaren 8rako, Kultur Hamabostaldi programaren barruan jasota.
Arkeologia eta generoa. Emakumeen ikusgarritasuna kultura megalitikoetan izenburupean, hitzaldia eko hitzaldia Kontzejuzarrean izango da, 19:00etan, Cristina Camarero Arribasek (UPV-EHU) gidatuta. Hitzaldiaren inguruko xehetasunak aurrerago azalduko ditu Mallabiko Udalak.