Mallabiko Udaleko Gobernu Taldea bilerak egiten hasi zen atzo herrigunean zein auzoetan bizi diren mallabitarrekin. Ekimenaren helburua “auzoen egoerari buruzko informazioa partekatzea eta auzoak hobetzeko proiektuak aurrekontuetan sartzea” da.
Bilerak atzo hasik ziren, Gereako auzotarrekin, bertako Elkartean. Gaur, Goitako auzotarren txanda izango da Zumarra elkartean, eta bihar Arandoño, Beranonagusia eta Beranotxikiako bizilagunen bilera egingo da Kontzejuzarran.
Azken bi bilerak azaroaren 2an eta 3an izango dira Kontzejuzarran; lehenengoan Areitio, Aitxu, Osma eta Zengotita auzoetako biztanleen txanda izango da eta 3koan hiriguneko biztanleek izango dira protagonistak. Saio guztiak 19:00etan izango dira.
“Auzo ezberdinetako mallabitarrekin bilduko gara, batetik, urtean zehar egindako jarduerei buruzko informazioa helarazteko, eta, bestetik, haien ekarpenak biltzeko, haien auzoak hobetzen jarraitzeko”, adierazi du Igor Agirre alkateak.
Gainera, iradokizunak eta ideiak aurrerago aurrekontuetan sartzeko eta udalerriko eremu bakoitza hobetzen jarraitzeko baliagarriak izango dira bilerak. “Parte-hartzea funtsezkoa da guretzat, eta urtero egiten dugun zerbait da agintean gaudenetik, Mallabia guztion artean hobetzeko modu bat delako”, alkatearen esanetan.
Bilera guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira:
– Urriak 25: Goita auzoa Zumarra elkartean
– Urriak 26: Arandoño-Beranonagusia-Beranotxikia Kontzejuzarran
– Azaroak 2: Areitio-Aitxu-Osma-Zengotita Kontzejuzarran
– Azaroak 3: Hirigunea Kontzejuzarran