Mallabiko gobernu-taldea udalerriko auzoetan bizi diren herritarrekin bilduko datorren astetik aurrera, iluntzeko zazpietan, “auzoen egungo egoerari buruzko informazioa” partekatzeko eta “auzoetako bakoitza hobetzeko egin daitezkeen proiektuei” buruz hitz egiteko.
Ekimen honen bidez, “Goita, Gerea, Arandoño, Beranonagusia, Beranotxikia, Areitio, Aitx, Osma, Zengotita eta hiriguneko auzoetako bizilagunek beren kezkak eta iradokizunak helarazi ahal izango dituzte auzoak hobetzeko”, gobernu-taldeko kideen esanetan.
Lehenengo saioa datorren martitzenean izango da, hilak 14, Zumarra elkartean, eta bertan Goitia-Gerea auzoko bizilagunak daude gonbidatuta. Hurrengo egunean Arandoño, Beranonagusia eta Beranotxikiako auzotarrak bilduko dira Miketegi elkartean (Artixe).
Eguaztenean, hilak 16, Areitio, Aitxu, Osma eta Zengotitako bizilagunek bilduko dira Kontzejuzarran. Azken bilera hurrengo astelehenean egingo da, hilak 20, Kontzejuzarran, eta bertara hiriguneko bizilagunak daude gonbidatua.
Bilera bakoitzaren hasieran 2023ko balorazioa egingo da; gero, 2024rako dagoen aurrekontua azalduko da, eta auzotarren ekarpenak jasoko dira, zalantzak argitzeaz gain.
Ekimenaren asmoa da “auzo bakoitzaren egoera hobetzeko balioko duten ideiak eta iradokizunak partekatzea, eta datorren urteko aurrekontuetan Mallabia hobetzen lagunduko diguten proiektuak sartu ahal izatea”, Igor Agirre alkatearen esanetan.
Azken zortzi urtetan egindakoari eta lortutako emaitza onei jarraipena eman nahi die Udalak. “Horren erakusle, Beranotxiki eta Arandoño auzoetarako sarbideak hobetuko dituen Foru Aldundiak abian jarriko duen proiektuaren berri eman berri dugu, aspalditik eskatzen ari ginen hobekuntza”, azpimarratu du Agirrek.