Mañariko Udalak 854.799,35 euroko soberakina du altxortegian, udaletxean egindako azken osoko bilkuran ezagutzera eman zenez. Emandako datuen arabera, Udalaren egoera ekonomikoa goitik behera aldatu da azken hamarkadan, 2009an zuen zorra 1.170.528,00 eurokoa zelako eta gaur egungoa 200.000 eurokoa.
Datu horren aurrean ”kopuru honek agerian uzten du erakundearen estabilitate presupuestarioa eta ekonomikoa”, Endika Jaio buru duen Gobernu taldearen iritziz. Izan ere, “kopuru honek suposatzen du 2011n, EH Bilduk alkatetza eskuratu zuen urtean baino 400.000 euro gehiago daudela altxortegian gaur egun”.
2011. urtean, Udalaren zorra 850.212,51 eurokoa zen; hau da, bi legegintzalditan laurden batera gutxitzea lortu dute. Urte berean, kutxan zegoen soberakina 402.819,55 eurokoa zen eta urteko aurrekontua berriz 760.850 eurokoa. Aurten onartutako aurrekontua 939.358 eurokoa da eta finatziazio gaitasuna 201.107,82 eurokoa da.