Herritarrei medikuak errezetatutako sendagaiak etxera eramango die Mañariko Udalak sortu berri duen zerbitzu berriaren bidez.
Une honetan herrian ez dago farmaziarik eta otsaileko lehen egunetik martxan dagoen zerbitzua bost mañariarrek baliatu dute dagoeneko.
Udalfarmaren bitartez eskainiko den ekimen honen helburua “aniztasun funtzionala, mugikortasun arazoak, adin nagusikoei edo gaixotasunen bat duten pertsonei laguntzea da”, Ainara Otxotorena alkatearen esanetan. Zerbitzua doakoa da eta garraioaren kostua Udalak hartuko du bere gain.
Zerbitzu berriak ohiko botikak zein urgentziazkoak banatuko ditu. “Programatutako erabiltzaileek (egunerokotasunean sendagaiak behar dituztenak) hilean hiru banaketa egun izango dituzte. Ez programatutakoek aldiz, hau da, momentu jakin batean sendagaiak behar dituztenak edota larrialdi momentu batean behar dituztenak, urteko 365 egunetan 24 orduz eskatu ahal izango dute sendagaia”, Otxotorenak azpimarratu duenez.
Zerbitzua baliatu nahi duten herritarrek osasun txarteleko zenbakia eman beharko da udaletxean. Zerbitzu berriaren inguruko informazioa gehitu nahi duten herritarrek udaletxean eskuratu dezakete.