Mañariko Udalak etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzak emango ditu aurten. Dagoeneko eskariak egiteko epea ireki du eta interesa duenak maiatzaren 12ra arte izango du aukera behar den dokumentazioa aurkezteko.
Egitasmo honekin, “Mañariko udalerrian ohiko egoitza izateko alokairu erregimenean bizitza bat duten pertsonei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea” nahi du Udalak.
Onuradunak bakarka edo beste batzuekin bizi diren herritarrak izango dira eta “diru-laguntzen onuradun diren bizikidetza-unitateko pertsona guztiek diru laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egon beharko dute”.
Diru-laguntza pertsona bakarrarentzat eskatzen bada, “berak bakarrik egon beharko du Mañarian erroldatuta gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etenik gabe” eta diru-laguntza bizikidetza-unitate osoarentzat eskatzen bada, “gutxienez bizikidetza unitateko kide batek egon beharko du Mañarian erroldatuta gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin etenik gabe”.
Onartutako araudiaren arabera “alokairu-gastuei dagokionez gehienezko kopuru hau ezin izango da gainditu: hilean 600 eurokoa”, araudian zehazten denez. Hala ere, garaje edo komunitate eta administrazioko gastuak “lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira” eta “alokairuko hileko kuotatik 30 euroko balio finko bat kenduko da”.
Laguntza jasotzeko eskaera orria eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa, udaletxean edo www.mañaria.eus web orrialdean daude eskuragai.