
Harrobiak, zerrategi bat eta zenbait etxeetan dauden okindegi eta negozio txikiak eusten diote gaur egun Mañariko jarduera ekonomikoari. Arlo hori indartzeko asmoarekin beste bide berri bat irekitzen ahaleginduko da Udala, turismoarena alegia, eta horretarako Hontza Museoa Fundazioak egindako ‘Mañariko Turismo Garapenerako Proiektua’ oinarri hartuko du.
Egitasmoa landu duen Begoña Caballerok txostenean adierazten duenaren arabera, bertan batutako proposamenak oinarrizko “ideiak” badira ere, “herriari turistikoki bultzakada bat emateko jarrera baikorra” erakutsi dute mañariarrek.
“Turismoak gero eta indar gehiago du eta uste dugu Mañariari balio erantsia emango diola” horrelako jarduera ekonomikoa indartzea, Endika Jaio alkatearen esanetan. Helburu hori abiapuntu hartuta, “beharrezkoa ikusten genuen aldez aurretik jakitea zer daukagun, zeintzuk diren gure ahuleziak eta indarguneak eta zer eskaini genezakeen”.
Kultura, fauna, tradizioak
Bisitarientzat erakarriak izan daitezkeen errekurtsoen artean, harrobiei zein kulturari, faunari edo tradizioei lotutako hainbat baliabide aipatzen ditu Jaiok. “Saltuko ur-jauzia eta zentral hidroelektrikoa edo Andra Mari eliza eta bertako organo barrokoa ikusteko bisita gidatuak antolatzeaz gain, inguruko paisaiak eta kobazuloak, mundu osoko 37.000 espezie baino gehiago batzen dituen Hontza Museoa eta erakargarria izan daitezkeen baliabide ugari ditugu”.
Ebaristo Bustintza ‘Kirikiño’ idazle ospetsua bizi izandako eraikinean dagoen Museo horrek 3000 bisitari hartu zituen 2015ean eta turismoa sustatzeko azpiegitura egokia izan daitekeela aipatzen da txostenean. Funtzio hori betetzeko, “turismo arduradun bat jartzea beharrezkoa litzateke”.
Ahulezien artean, udalaren web orriak eta gainontzeko euskarriak turismoari buruz ematen duten informazio urriaz gain, “herritik gertu merenderorik ez egotea edo herriko tabernetan ez dagoela turismoari bideratutako eskaintzarik” aipatzen ditu alkateak. Kontuan hartuta hiru tabernetatik bi Udalarenak direla, “beharrezkoa izateaz gain“ maizterren inplikazioa, “ostalaritza eskaintza kualifikatuaren beharra” ikusten du Jaiok.
Autokarabanak eta kanpin eremua
Mañarian gaur egun ez dago hotelik ezta nekazal turismoko etxerik ere eta, ondorioz, bisitariek ez dute gaua herrian bertan igarotzeko aukerarik. Autokarabana gunea, kanpaldi librerako eremu bat sortzea, aterpetxea eraikitzea edo “etxe zahar bat atontzea” proposatzen dira, besteak beste, arazo horri irtenbidea emateko.
Turismo proiektua fase desberdinetan garatzeko asmoa agertu du Jaiok. “Ideia batzuk, azpiegituraren aldetik, berehala jartzeko modukoak dira eta epe labur batean ustiatzen hasteko modukoak inbertsio txiki batekin”.
Inbertsio txikia eskatzen duten ekimenen artean ibilbide tematikoak edo mendietako ibilbideak atontzea edo herriguneko hormetan Mañariko historiari buruzko grafitiak margotzea, aipatzen ditu alkateak.
Proiektuan proposatutako beste ekimen batzuk berriz, bestelako azpiegitura edo aurrekontu behar dute eta, ondorioz, epe luzeagoan garatuko dira.
Gereziondo basoa
Txostenean aztertzen diren ideien artean, herriko alaba zen Errose Bustintzak idatzitakoaz baliatzen da (“Ur ona edatera, iturbegira; ta kerexak jatera, Mañarira”) gereziondo basoa sortzeko proposamena egiteko. Inbertsio pribatuarentzat bideratutako ideia horrek, 1.700 euro beharko lituzke 20 gereziondodun basoa jartzeko.
Aztertutako beste proposamen bat erdigunetik gertu dagoen Iturrietako marmol-harrobi zaharrari dagokio. Eremu horretarako hainbat ekarpen egiten ditu txostenak, merendero bat bertan kokatzetik eskalada-eskola jartzera, edo “udako kontzertuak egiteko edota antzezlanak bertan aurkezteko” egokia izan daitekeen eszenatoki bat egitea.
Aupa Mañaria! Proiektu oso interesgarriak aurrera eramaten.