Durangaldeko Mankomunitateak finantziazio laguntza berriak iragarri ditu, eskualdearen tokiko garapena hainbat esparrutan sustatzeko. Guztira 108.000 euro esleituko dira gizarte-ongizaterako, kiroletarako eta euskararen sustapenerako.
Laguntza berriak udalerri mankomunatuetako elkarte, eragile eta enpresentzat bideratuko dira, eta datozen egunetan Gizarte Larrialdietarako dirulaguntzei buruz argitaratuko direnei gehituko zaizkie.
Gizarte Ongizatearen arloan, adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko 30.000 euroko partida erreserbatu da. Halaber, garapenerako lankidetza proiektuetarako eta komunitate behartsuetako edo garapen-bidean dauden herrialdeetako haurren aldi baterako egonaldietarako baliabideetarako 20.000 euro esleituko dira.
Belodromoa eta atletismo pista
Berrizko Marino Lejarreta Belodromoan zein Durangoko Landakoko atletismo pistan garatzen diren kirol-programetarako 7.000 eta 40.000 euro bideratuko dira, hurrenez hurren.
50 langile baino gutxiago dituzten merkataritza-establezimenduek laguntzak eskatu dezakete kanpoko errotuluak eta webguneak euskaratzeko. Guztira 3.000 euro banatuko dira eta onuradun bakoitzak, gehienez, 500 euro jasoko ditu.
Bestalde, 8.000 euro bideratuko dira euskara sustatzeko helburua duten programetarako, familia-transmisioan, aisialdian zein kiroletan.
“Durangaldea sozialagoa, euskaldunagoa, osasuntsuagoa eta solidarioagoa izan dadin lan egiten duten elkarte edo gizarte eragile horiei guztiei laguntzen jarraitu nahi dugu Mankomunitatean”, azaldu dute Idoia Otaduyk eta Ainara Otxotorenak, Mankomunitateko lehendakari eta lehendakariordeak.