Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak tabakoaren mendekotasuna gainditzeko ikastaro berri bat antolatu du. 15-18 pertsonentzat mugatuta egongo den ekimena martxoaren 21ean hasiko da.
Ikastaroko saioak adikzioetako espezialista batek gidatuko ditu eta ostegun arratsaldetan egingo dira, bertaratzen diren pertsona gehienen jatorrizko udalerrian. Taldea 15-18 lagunek osatuko dute eta hiru hilabetez bilduko da, astean behin, 60-90 minutuko saioetan. Denbora hori igarota, jarraipen-saio bat egingo da.
Ikastaroaren lehen egunean bertaratzea nahitaezkoa da, eta baja emango zaie, justifikatutako arrazoirik gabe, joaten ez diren pertsonei. Izena eman ahal izateko ezinbesteko baldintza bakarra tabakoa uzteko benetako motibazioa izatea da.
Izen-ematea martxoaren 8ra arte egin daiteke Mankomunitateko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuaren bulegoan (Landako Elkartegia, 4 – 202 bulegoa, Durango), edo 94 620 05 20 telefonora deituz edo adikzioak@dma.eus helbidera idatziz. Helbide hauetan informazio gehiago eska daiteke.