Durangaldeko Merinaldearen Mankomunitateak berriro jarri du abian ‘Familian Euskaraz Olgetan’ programa, jolasaren bidez euskararen transmisioa lantzeko asmoarekin. Azaroan hasitako ekimena abenduan amaituko da 20 saio egin ondoren.
3 eta 5 urte bitarteko umeei eta beraien familiei zuzendutako ekimenaren helburua gauzatzeko, kantu-jolasak erabiltzen dira.
“Hori ipar hartuta, euskaraz jolasteko baliabideak eta euskara erabiltzeko guneak eskaini nahi zaizkie familiei, eta, horretarako, jolas dinamizazio saioak egingo dira parke eta eskoletako jolastokietan”, Mankomunitatetik adierazi dutenez.
Hizkuntzaren lanketa ordubeteko saio ludikoen bidez egingo da, “euskara bizipen positiboekin lotzeko helburuarekin”. Izan ere, saioen metodologia dinamikoa izango da, eta ume eta helduek elkarrekin jolastuz ikasiko dituzte olgetak.
Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak sortutako egitasmoa Berbaro elkartearen bidez gauzatzen ari da Abadiñon, Atxondon, Berrizen, Durangon, Elorrion, Iurretan, Izurtzan, Mañarian eta Zaldibarren.
Parte-hartzea doakoa izango da, baina saio bakoitzeko plazak mugatuak direnez, komenigarria da aldez aurretik izena ematea.
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko ikastetxeekin zuzenean harremanetan jartzea gomendatzen da. Baieztapen berrien inguruko informazioa jasotzeko 94 627 86 40 telefonora edo euskera@dma.eus e-postara jo daiteke.