Abadiño, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Durango, Elorrio, Mañaria eta Berrizko 18 eta 22 urte bitarteko 38 gazte egiten ari dira ume eta gazteentzako aisialdi eta denbora libreko begirale izateko ikastaroa. Durangaldeko Mankomunitateak antolatutako ekimenaren barne, inklusibitatera bideratutako prestakuntza osagarri espezifikoa eskainiko da.
Durangaldeko Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eroskik babesten duten ekimena, ‘Gaztedi Durangaldea’ programaren baitan kokatzen da eta ekainera arte luzatuko da.
Ikastaroan, sakontzeko, ezagutzak eskuratzeko eta aniztasunaren garrantzia nabarmentzeko bi saio teoriko-praktiko ere sartzen dira. Lehena hilaren 17an egin zuten eta bigarrena otsailaren 18an izango da, 9:30etik 13:30era.
Aurreko zapatuan egindako ‘Udaleku inklusiboa zelan egin’ saioan, Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak eta Mikel Larrea Eroskiko Komunikazio eta Harreman Korporatiboen zuzendariak hartu zuten parte. Izan ere, “Mankomunitateak eta Eroskik eskualdeko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko konpromisoa indartzen dute”, eskualdeko erakundetik adierazi dutenez.
Gaineran, hezitzaileak balio hauetan trebatzen dituzte: euskaraz bizitzea, euskal kultura, autonomia, aniztasuna, segurtasuna, autodiziplina, autokontrola, bizikidetza, lankidetza, elkarlana, integrazioa, errespetua, esperimentazioa, erantzukizuna, ekologia, ingurumena, hezkuntza, osasuna, sormena eta ekimena. Hori guztia “ikuspegi kritikotik eta inklusibitatearen printzipioetan oinarrituta”.