Musika, bertsoak, dastaketa gastronomikoak eta pilota partiduak, besteak beste, tartekatuko dira domekan hasi eta martitzenera arte ospatuko diren Etxanoko jaietako egitarauan.
Etxanoko bizilagunak eta gerturatzen direnak igandean hasiko dituzte jaiak, txupinazoarekin, erraldoien kalejirarekin eta mus txapelketarekin. Jarraian, Markeliñe konpainiak ‘Txef Nature’ ikuskizuna antzeztuko du eta 20:30ean tortilla txapelketa izango da. 22.30ean hasiko den bertso saioan, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Sustrai Colinak Amaia Aurrekoetxeak proposatutako gaiak kantatuko dituzte.
Asteleheneko egitaraua 11:00etako mezarekin eta pilota jaialdiarekin hasiko da. Eguerdian, pilota partidua jokatuko dute Oinatz Bengoetxea eta Unai Urienek Iñigo Atutxa eta Gorka Lazkanoren kontra. Goizeko egitaraua herri-bazkariarekin osotuko da.
Arratsaldean, omenaldia egingo zaie aitite-amamei Etxanoko dantza taldearen partaidetzarekin, Eingo taldeak girotutako erromeria hasiko da eta talo ekologikoak dastatzeko aukera egongo da. Kittu taldearen saioak agurtuko du eguna.
9:30ean irtengo den Xeberren omenezko mendi martxarekin abiatuko dira martitzeneko ospakizunak. 11:00etan meza emango da eta ondoren Artzain txakurren lehiaketa egongo da. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak; hirukoteen arteko briska txapelketa, parrillada eta 22:00etan hasiko den Eñaut Elorrietaren kontzertu akustikoak emango die amaiera aurtengo ospakizunei.