Markeliñe konpainiak Gabonetan egiten duen antzerki emanaldia eskainiko du aurten ere herrikideen aurrean. Bihar Zornotza Aretoan, 18:00etan hasita eskainiko duen agerraldian ‘Grand Mamut. Paleolitoko izakiak’ ikuskizuna eszenaratuko du, sortu duen azken ekoizpena hain zuzen.
Pako Trujilloren zuzendaritzapean, oholtzan azaltzen diren Nerea Martinez, Fernando Barado, Itziar Fragua eta Maite Bayón antzezleek historiaurreko garaietara eramango dute ikuslegoa. Emanaldiko protagonistak, otso taldeez inguratuta dagoen gizataldea osatzen dute, eta mamut handi baten hezur arrastoekin babesten badira ere, ez dute ezer gosea baretzeko.
Muturreko egoera horretan, taldekideko batek hezur lehor eta ahitu bat hartu eta haragi zaporetsua dastatzen eta masteka tzen ari dela simulatzen du.
Agian, fartsa, fikzio edo antzerkiaren hastapena izan zitekeen keinuak, beste errealitate batzuk irudikatzeko irrika indartsua adierazten du. “Eta, denboraren poderioz, ahalmen horrek planetako animaliarik boteretsuena eta ustekabekoena bihurtuko du”, konpainia zornotzarreko kideen esanetan.