
Azken urteetan astebururako antolatzen diren Inauterietako kalejirak, lehiaketak eta agerraldiak nagusitzen badira eskualdean, gaur ospatzen den Martitzen Karnabal egunarekin amaituko dira aurtengo egitarauak. Saioak han-hemenka egongo dira, tarteko Zornotzan Perubeleri datorren urterararte egingo dioten agurra.
Durango
Durangoko ekitaldiak arratsaldean burutuko dira eta 16:00etatik 20:00etara bitartean ‘Denboraren Bankua’k eskainitako tailerrak egongo dira Landakon. Arratsaldean zehar hirian barrena ibiliko den Txu Txu Trenaz gain, Oihan Vegak girotutako Gazte Diskoteka eta Atrapasueños eta makilaje artistikoaren tailerrak egongo dira Andra Mariko elizpean.
Zornotza
Amorebieta-Etxanoko Udalak gaurko prestatutako egitaraua ere arratsaldean burutuko da. 17:30ean Antzar Rockeroak taldeak umeentzat prestatutako ikuskizuna eskainiko du Zelaieta parkean eta ordu bete geroago txokolatea dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Inauteriei amaiera emango dion Perubeleren agurra, Zelaieta parkean hasiko da 19:00etan Udazken taldeko dultzaineroen laguntzarekin egingo den kalejirarekin. Ostean, Perubelek agur esango du su eta argi artean, eta jai egunei amaiera emateko Pako Djak musika jarriko du Zelaieta parkean 19:30etik aurrera.
Abadiño
Abadiñon prestatutako egitaraua, Zelaieta ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako ‘Disko Eroa’ haurrentzako ikuskizunarekin osotuko da. Saioa Zelaietako frontoian izango da 15:00etatik aurrera.
Elorrio
Elorrion prestatutako ekitaldiak 10:30ean eskola-umeek eskainiko dituzten dantza ekitaldiarekin hasiko dira. Ondoren, Larima taldeak girotuko duen disko-festa egongo da eta goizean zehar zein arratsaldean umeentzako parkeak jarriko dira.
Arratsaldeko 18:15etik aurrera txokolatea dastatzeko aukera egongo da eta ondoren erromeria hasiko da Luhartz taldearekin.
Iurreta
Iurretako Aita San Migel Jai Batzordeak gaurko prestatutako egitarauan 18:00etan Ainhoa Djak Dantzari plazan eskainiko duen saioa nabarmenduko da. Goiuriko Ama Nagusien Elkarteak berriz, mozorro desfilea eta txokolate jana egingo du ordu berean nagusien Etxean.