Urtero bezala, Zaldibarko Udalak jaietako kartel lehiaketa martxan jarri du. Irabazleak 250 euroko saria jasoko du eta bigarren kartel onena aurkezten duenak 150 eurokoa. Horretaz gain, 14 urte edo gutxiago dauzkatenen artean aukeratutako lan onenak 100 euroko balioa duen sari berezia jasoko du.
Lehiaketa nahi duen orori zuzenduta dago eta kartelak kartazal itxian eta ‘2019ko Zaldibarko Jaiak’ lemapean aurkeztu behar dira, azalean egilearen adina ere zehaztu behar da. Barruan, eta beste kartazal itxi batean, egilearen izen-abizenak, bizilekua eta helbidea jasoko dira. Egile bakoitzak ezin izango du lan bat baino gehiago aurkeztu.
Kartelak euskarri fisikoan aurkeztu ezkero, DIN A3 formatua izan beharko dute eta udaletxeko bulegoetan entregatu beharko dira. Euskarri digitalean aurkeztu nahi badira, aldiz, kultura@zaldibar.eus helbide elektronikora bidali behar dira. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 28an, arratsaldeko 15:00etan bukatuko da.
Jai batzordeko partaideek osatuko duten epaimahaiak, maiatzaren 29an emango du ezagutzera bere erabakia eta saririk jaso ez duten lanak Udalak ikusgai jar ditzake jaietan zehar. Gaia norberaren aukerakoa izan arren, ez da irudi eta testu sexistarik onartuko.