Elorrioko udalak eta Elorrioko Merkatari Elkarteak (EME) ‘Merkatari’ teléfono aplikazioa jarri dute martxan udalerriko merkataritza txikiaren egoera hobetu eta herritarrak dendetara gerturatzeko asmoz. Komunikazioa erraztuko duen aplikazio berria dendarien eta bezeroen esku dago jada, mota guztietako 40 komertzio batuz.
Aplikazioak, bezeroa fidelizatzeko baliabide berriak eskainiko dizkio dendariari. Modu erraz batean, dendariek eskaintzak eta berrikuntzak helarazi ahal izango dituzte, baita beraien kontaktu-datu, katalogo zein deskripzioak ere.
“Bezeroek ere ‘Merkatari’ deskargatzeko zenbait arrazoie dituzte: modu erraz batean herriko eskaintza komertziala ikusi eta produktuak eskatzeko, eskaintza orokorrak eta pertsonalizatuak jasotzeko eta dendariekin txat bidez kontaktatzeko aukera izateko“, adierazi dute aplikazioaren bultzatzaileek.
Merkatarien artean oso harrera ona izan eta gero, bezeroak ere animatzea espero dute. Horretarako, zenbait zozketa eta ekimen prestatu dituzte bezeroak saritzeko helburuarekin. Aplikazioa doakoa da eta Android eta iOS gailuetan deskargatu daiteke.