Datorren astean, hain zuzen, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, Mallabiko Udalak egitarau anitz bezain zabala antolatu du, berdintasunarekin duen konpromisoa berretsiz eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko bidean emakumeen eskubideen aldarrikapenarekin bat eginez.
Hala, martxoaren 16a bitarte hainbat jarduera izango dira Mallabian, kirola, kultura eta hausnarketa ardatz hartuta. Egitaraua herriko hainbat talde eta elkarterekin elkarlanean antolatu da, hala nola Herri Ekimena eta Nahikari Emakume Elkartearekin. Kirolaren arloan, emakumezkoen kirolak protagonismo handia izango du. Esate baterako, pasa den otsailaren 8an Emakumezkoen Gomazko Paleta Elite Txapelketaren bigarren jardunaldia ospatu zen, eta finala ere Mallabian jokatuko da, hain zuzen, martxoaren 8an.
Otsailaren 22an, halaber, Emakumeen Binakako pilota txapelketa jokatu zen eta igandean, otsailaren 23an, Lilatoiaren 35. edizioa ospatu zen Donostian. Bertara joateko, gainera, autobus zerbitzu berezia eskaini zen Mallabiatik. .
Aste honi begira, otsailaren 28an, bi ekintza izango dira herrian. Lehenik eta behin, 16:00etatik 17:00etara haurrentzako jolasak egingo dira eskolan, txikienek gozatzeko aukera izan dezaten. Ondoren, Mallabiko VI. Kros Morea ospatuko da; lasterketa eskola paretik abiatuko da eta parkean izango du helmuga. Horrez gain, kros moreak mikromatxismoei buruzko sketxa eta luntxa ere jasoko ditu parte-hartzaile guztientzat. Bestalde, martxoaren 8aren bezperan, Nahikari Emakume Elkarteak hitzaldia eta eskulan tailerra antolatu ditu Kontzejuzarrean.
Dantza emanaldia
Martxoaren 8an egitarauko ekitaldi nagusiak eramango dira aurrera; alde batetik, kontzentrazioa egingo da udaletxe aurrean “Martxoak 8 egunero da” lelopean. Ondoren, Adierazpen Instituzionala irakurriko da eta amaitzeko, emakumeen ahalduntzea irudikatuko duen dantza emanaldia eskainiko da. Euria egitenez gero, jarduerak udal pilotalekura eramango dira. Arratsaldean, aurrez aipatu bezala, Emakumezkoen Gomazko Paleta Elite Txapelketaren finala jokatuko da.
Horrez gain, martxoaren 9an frontenis mistoko txapelketa ospatuko da A.D. Mallabia F.T. elkartearen eskutik. Halaber, Mallabiko Berdintasun Kontseiluak antolatuta, “Akelarre” antzezlana eskainiko da helduentzat, gaztelaniaz Kontzejuzarrean. Eta egitarauari amaiera emateko, Nahikari Emakume Elkarteak “Sufragistak” filma eskainiko du martxoaren 16an.
Azkenik, otsailaren 24tik martxoaren 10era bitartean, historia sortu duten emakumeen argazkiak jasotzen dituen erakusketa egongo da ikusgai Kontzejuzarrean.
Mallabiako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera eta elkarrekin berdintasunean eta errespetuan oinarritutako herri bat eraikitzen jarraitzera.