
Durangaldeari lotutako ikerketa gaiak eta historia lantzen dituen Astola aldizkariaren 13. zenbakia kaleratu berri du Gerediaga elkarteak. Argitalpenean, besteak beste, ‘Los Marzana en la Edad Media’ izenburua duen erreportajea argitaratu du Bilboko Eleiz Museoko zuzendaria den Jose Manuel Gonzalez Cembellinek.
Artikuluan Atxondo bailaran bizi ziren Martzaatarren inguruko xehetasunak ematen ditu Gonzalez Cemebellinek, leinu horretako kideen ardura nagusia Gipuzkoarekiko mugan merkataritza trafikoa kontrola izatea zela.
Historiaren atal hori argitzeko, Gonzalez Cembellinek gidatutako bisita prestatu du Gerediaga elkarteak bihar goizerako. Gaztelaniaz egingo den bisitaldian, auzoa eta leinuaren inguruko azalpenak emango ditu eta San Martin eliza bisitatuko da. Ekitaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du.
Parte hartu nahi dutenek Apatamonasterioko oinez bidearen (bidegorriaren) sarreran bilduko dira 11:30ean. Bertaratzen direnek 5 euro ordainduko dituzte eta horren truke Astola aldizkariaren ale bat eskuratuko dute.
Doliwa eta Ercilla
Gonzalez Cembellinek idatzitako artikuluaz gain, beste zortzi erreportaje agertzen dira Astolaren zenbaki berrian.
Txelu Angoitiak testua jarri dio ‘La mirada del alemán. La fotografía de Ricardo Doliwa’ erreportajeari; Marisa Barrenak ‘Alfabetatze euskalduntze mugimendua Durangaldean’ artikulua idatzi du; Tabira Musika Bandako zuzendaria den Luis Orduñak ‘Bartolomé de Ercilla Rementeria. La olvidada banda sonora de Durango’ izenburua duen idazlana aurkezten du; eta Mikel Onaindiak ‘De Ezkurdi a Etxezarreta. El arte contemporáneo en Durango’ artikulua idatzi du.
Markel Onaindiak Iurretako eta Elorrioko kofradien berri ematen du ‘Kofradiak gaur egun’ erreportajean; 70. eta 80. hamarkadetan argitaratzen ziren aldizkariei buruzko ‘Paperezko Hitzak. Durangoko aldizkariak’ artikulua idatzi Joseba Gorostizak; ‘Los buitres leonados en el Parque Natural de Urkiola’ erreportajea landu du Iñigo Zuberogoitiak; eta ‘Kirikiño eta Montejurra. Gudariak eta erreketeak Durangaldean’ gaia landu du Iñaki Goioganak.
13. zenbakia salgai dago dagoeneko Gerediaga elkartearen bulegoan (Larrasoloeta, 3) zein Durangoko Arteka, Hitz, Urrike eta Etxebarria liburudendetan; Iurretako Urkin; Elorrioko Kamikopiak eta Ilargin; Abadiñoko Arrinda Estankoan eta Petiten; eta Berrizen Etxebarrian eta Amalurren.