Abadiñoko Udalak Matienan astero egiten zen baserritarren azoka berriro egiteko baimena eman du, Eusko Jaurlaritzak horrelako merkatuak berriro jartzeko baimena eman ondoren.
Beraz, datorren eguaztenean, hilak 22, ohiko hiru saltokiak jarri ahal izango dira berriro ere. Hori bai, “segurtasun neurri guztiekin” ospatuko da merkatua, Udalak “segurtasun-protokolo bat” ezarriko baitu, eta kutsaketak eragozteko helburuarekin “bezero eta baserritarren arteko salerosketak gutxieneko segurtasun-tarte bat zainduta” egingo dira.
Gasteizko gobernuak merkatuak egitea debekatu zuen apirilaren 8an argitara emandako agindu baten bidez. Erabaki horren aurrean beraien kezka adierazi zuten 60 eragile inguruk, nekazal sindikatuak, kontsumo elkarteak eta nekazal kooperatibak tarteko. Hiru egun geroago, hartutako erabakia bertan behera utzi eta azokak egiteko baimena eman zuen Jaurlaritzak, beti ere ziurtasun neurri zorrotzekin.