
Elorrioko Erdella Mendizale Taldeak urtero antolatzen duen Mendi Asteri ekingo dio datorren astelehenetik aurrera eta prestatutako ekitaldien artean Iturri Kultur Etxean egunero arratsaldeko 19.30an emango diren ikus-entzunezkoak eta hitzaldiak nabarmenduko dira. Gainera, bigarren eskuko mendi materialaren merkatua eta bi erakusketa ere prestatu dituzte.
Tanzaniari buruzko ekitaldiarekin emango diote hasiera astelehenean aurtengo Mendi Asteari. Lur Basterretxeak eskainiko duen ‘Karibu Tanzania’ saioan herrialde horretako leku zoragarrietan barrena egindako ibilaldia izango du ardatz, tarteko Kilimajaro mendira igoera.
‘Jinbar, explorando el abismo etíope’ da J. Javier Ruiz de Zubicoak asteartean eskainiko duen ekitaldiaren izenburua. Saio horretan emango den filmean 480 metroko altuera duen Jinbar urjaiziaren lehen jaitsiera kontatzen da. Etiopiako Simien Mendien Parke Nazionalean kokatua dagoen urjausiaren ondoren, 1.400 metroko desnibela duen arroila aurkitu zuten eta lau egun behar izan zituzten berau irekitzeko.
Irati Anda eskalatzailea izango da asteazkenean gaztetxean egingo den ekitaldiko protagonista. ‘Hamarkada bat harkaitz artean’ izenburua duen saioan Andak eskalada munduan izandako bizitzen laburpen bat egingo du, hasieretatik gaur egunerarte.
Laponia eta Groenlandia
Alberto Agirreazaldegik Laponian barrena egindako ibilaldia izango da osteguneko saioko ardatza. ‘Kungsleden: Laponia zeharkatzen eskiz’ emanaldiak Agirreazaldegik eta beste zortzi euskaldunek (hiru elorrixar tarteko) 2012ko martxoan egindako iraupen eskiz egindako zeharkaldia da islatzen du, Suediako iparraldeko Abisko parke nazionalean hasi eta Nikkalouktan bukatu.
Kepa Escribanok Vicente Castro eta Txemari Andresekin batera Groenlandian egindako zeharkaldiak emango dio amaiera aurtengo Mendi Asteari ‘Groenlandia, 60. paraleloa’ ikus-entzunezkoarekin. Pelikula honetan belaontzi txiki baten Groenlandiako hegoaldeko kostaldean egindako zeharkaldiaz gain, irekitako sei eskalada bideren berri ematen da eta bidelagun izan zituzten inuitak edo aurora boreala, besteak beste, azalduko dira.
Erdellaren Mendia Astea osatzeko, bi argazki erakusketa izango dira ikusgai. Bata talde elorriarrak urtean zehar egindako irteeren ingurukoa eta bestea Anbotoko buzoiaren 100. urteurrenarena.