
Zaldibarko Udalak mendizaletasuna bultzatzeko eta Euskal Herriko zein Pirinioetako mendiak ezagutzeko helburua duen ‘Zaldibar Mendiz mendi 2018’ ekimena antolatu du. Haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako ekimena 11 hilabetez luzatuko da, urtarriletik azarora arte.
‘Zaldibar Mendiz mendi 2018’ erronka lehiaketaz haratago dagoen ekimena da eta adin tarte guztietako zaleentzat prestatu dute. O eta 12 urteko haur eta gaztetxoek ‘buzoia’ duten bost mendi igo behar dituzte; 13 eta 18 urte bitarteko gazteek gutxienez hiru herrialdetako bost mendiren gailurrera iritsi behar dira eta 18 urtetik gorakoek gutxienez bost herrialdetako hamar menditara igo behar dira.
Erronkak iraungo duen 11 hilabeteetan, zerrenda bateko 28 mendi igotzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Bizkaian aukeratutako mendiak Gorbeia (1.482 metro), Anboto (1.331), Ganekogorta (999), Alluitz (1.034), Mugarra (969) eta Kolitza (883) dira eta Gipuzkoakoak berriz Ernio (1.078), Txindoki (1.342), Erlo (1.030), Aizkorri (1.523), Udalaitz (1.120) eta Adarra (819) aukeratu dituzte.
Araban aukeratutako mendiak Aratz (1.445), Joar (1.417) Oriol (1.132) eta Cruz del Castillo (1.431) dira; Nafarroan, Beriain (1.493), Saioa (1.418), Hiru Erregeen Mahaia (2.446) eta Arlas (2.043) eta Iparraldean, Otsogorrigaina (1.920), Orhi (2.019), Larrun (900) eta Iparla (1.049) dira.
Pirinioetan aukeratutako tontorrak, Taillón (3.144), Monte Perdido (3.348), Posets (3.369) eta Auñamendi (2.504) mendiak dira.
Ekimen honetan parte hartzen dutenek, izena, abizenak , adina, herria eta telefono zenbakia bidali behar dute kultura@zaldibar.eus helbidera. Ondoren, mendia igotzen den bakoitzean tontorrean egindako argazkia bidali behar dute helbide berera. Egindako tontor denen argazkiak batera bidali daitezke.
Erronka bukatzea lortzen duten guztiek, sari bat jasoko dute abenduan.