Euskal preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko helburuarekin jarduten den Iurretako Sare herritarrak,hainbat ekimen prestatu ditu aste honetarako. Zapatuan egingo den Sare Egunaz gain, motxiladun umeen inguruko ekimenak antolatu dira eguenerako, Ibarretxe kultur etxean.
Arratsaldeko 17:00etatik 20:30era ikusgai egongo den ‘Motxila etorkizunez bete’ erakusketarekin hasiko dira eguenerako prestatutako ekitaldiak. 19:00etan berriz, Iurretako motxiladun umeen esperientzia azaltzeaz gain, motxiladun umeen dokumentala jarriko da ikusgai.
Zapatuko Sare Eguna berriz, goizean zehar egingo den mural margoketarekin hasiko da. 13:30ean ‘mikro irekia’ eta ekitaldia egingo da Dantzari plazan eta bertan instrumentu bat jo, olerkia irakurri, dantzan egin, bertsoa bota, abestu, marraztu edo testu bat irakurri nahi duen edonork mikro aurrean jarri eta bere ekarpena egiteko aukera izango du. Bertan egon nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik sareiurreta@gmail.com helbidean.
Askondoko aterpean egingo den bertso bazkariarekin amaituko dira goizeko ekitaldiak. Otordua Alaia Martin, Txaber Altube eta Aitor Bizkarrak girotuko dute eta bertan egoteko txartelak aldez aurretik erosi behar dira Gauargi tabernan 15 eroren truke, edo 10 eurotan ikasleak eta langabetuak.
Bazkalostean kale animazioa egongo da Iurretako tabernetan zehar.